Apustu etxeentzako moratoria aho batez onartu dute parlamentuak eta Iruñeak

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 23a, 11:19

Apustu etxeen aurkako elkarretaratzea, Sanduzelai auzoan.
  • Ez dute lizentzia gehiagorik eman nahi, sektoreko arautegia berregokitu arte
  • PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta IEk aurkeztu dute mozioa parlamentuko Barne batzordean.
  • EH Bilduk eraman du lizentziak ukatzeko proposamena Iruñeko Hirigintza batzordera
  • Hogeita bi joko areto eta apustu etxe zabaldu dituzte foru hiriburuan, 2010etik hona

Parlamentuan onarturiko mozioak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio baimen-luzamendua ezar diezaiela joko areto eta apustu etxeei. Halaber, galdegiten dio 2006ko foru legea alda dezala, egungo egoerara egokitzeko, batez ere kirolarekin loturiko apustu etxeek izan duten hazkunde handiarengatik.

Iruñeko Urbanismo Atalak atzo eman zituen datuak. Diario de Noticias egunkariak gaur argitaratu ditu. 2010etik 22 joko areto eta apustu etxe zabaldu dituzte foru hiriburuan.

Beste hiru zabaldu nahi zituzten: bat Txantrea auzoan, Villafranca kalean. Horrek dagoeneko jasoa zuen jarduera eta obra lizentzia. Bigarren bat, Zabalgunean, Navas de Tolosa kalean. Horrek tramitazioan zuen lizentzia. Eta hirugarren bat Azpilagaña auzoan, Buenaventura Iñiguez kalean. Horrek bazuen obra eta jarduera lizentzia.

Sanduzelai, Buztintxuri, Arrotxapea, Mendebaldea eta Txantrea auzoetan auzokideek apustu etxeen aurako taldeak sortu dituzte, eta mobiizazioak antolatzen ari dira.

EH Bilduk jite honetako negozioentzako baimen luzamendua proposatu du Iruñeko Udaleko Urbanismo batzordean. Koalizio abertzalearen arabera, aretook “kezka eta arbuioa” eragiten dute auzikideen artean, eta hori dela kausa, “joko areto eta apustu etxeen baimenen gaineko erabateko luzamendua” eskatuko du gaur.

BAtzordeak aho batez onartu du Udal Aginte Taldeari eskatzea baimen-luzamendua ezar dezala, molde honetako negozioen erregulazio urbanistikoa tramitatzen den bitartean. Tramitazio hori martxan dago jada.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!