Osasun garraioko zerbitzuan ematen diren irregulartasunak salatu ditu LAB sindikatuak; zehazki, anbulantzien SSGn eta Baztan-Bidasoa enpresetako beharginen lan baldintzak kritikatu dituzte.
Arazoa aurretik argitara atera izan badute ere, oraingoan langile ohi batek salaketa jarri duela jakinarazi dute. Salaketan jasotakoen artean daude, besteak beste, langileek 56 ordura arteko lanaldiak egiten dituztela, kotizatu gabeko aparteko ordu asko egiten dituztela eta ez dutela kitapenik jasotzen.
Langileen baldintzetatik harago, salatu dute anbulantziek ez dutela segurtasun neurririk, oso baldintza kaxkarretan daudela, eta gaixotasun kutsakorrak dituztenak gainontzeko gaixoekin batera eramaten dituztela, hartu beharreko neurririk gabe eta horrek dakartzan arriskuekin.
Horren aurrean, LABek salatu du enpresa hauen iruzurra “hirukoitza” dela. Haien hitzetan, batetik, Nafarroako Gobernuari egiten diote iruzur, langileek ez dituztelako kotizatzen lan egindako ordu guztiak; bestetik, bezeroei, haien diruarekin ordaintzen baita zerbitzua, baina ez dute kalitatezko zerbitzu bat jasotzen, eta, azkenik, langileei, oso baldintza kaxkarrak dituztelako.
Halaber, LABek salatu du enpresak pleguen luzapena egiten ari direla, eta diru publikoa jasotzen. Zentzu horretan, nabarmendu dute Nafarroako Gobernuak ez duela jarraipenik egiten, ezta neurririk hartzen ere. Alde horretatik, zerbitzua “publiko” egin dezatela eskatu dute, eta egungo lanpostuak bermatzea.