Ezkutuko ekonomiaren batazbesteko historikoa %13,79koa da Nafarroan

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 30a, 14:06

NUPek ikerketa bat egin du 2006 eta 2016 urteen artean Nafarroan egondako ezkutuko ekonomiaren inguruan.

Gaur bildu da zerga iruzurraren aurkako batzordea, Nafarroako jauregian, Elma Saiz Ekonomia eta ogasun kontseilaria buru zuela, eta ezagutzera eman dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoak iruzur fiskalaren eta ezkutuko ekonomiaren inguruan egin duen ikerketatik ateratako datuetako batzuk.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak NUPi eskatutako ikerketak 2006 eta 2016 urteen arteko epea hartu du, eta ateratako ondorioen artean dago ezkutuko ekonomiaren batazbesteko historikoa %13,79koa dela, eta azken urteetan behera egin duela. Ikerketaren azken urtean, 2016an, %10,4ean zegoen. Hala, ikerketak zehazten duenez, ezkutuko ekonomiarik egongo ez balitz, zerga bilketa 541 milioi euro gehiagokoa litzateke. Horiek dira ezkutuko ekonomiaren portzentajeak, baina ikusteko dago horretatik zenbat den iruzur fiskala. 

Azterketan ez dute zehaztu nolakoa den iruzurra sektore bakoitzean, baina Oscar Martinez de Bujanda Nafarroako Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak esan du besteren kontura lan egiten dutenek kontrol handiagoa izaten dutela autonomoek baino. Era beran, aipatu du Internet bidezko salerosketena dela gehien kezkatzen duen arloetako bat, eta horren barruan gauza asko dauden arren, rider-en sektorea, alegia, Glovo, Deliveroo eta antzeko enpresak aipatu ditu.

Irizpenean, halaber, iruzur fiskala murrizten laguntzeko gomendapen batzuk egin dituzte, eta, Martinez de Bujandak ere aipatu ditu aurrerantzean hartuko dituzten neurrietako batzuk; besteak beste, ikerketa ekonomiko gehiago egitea, iruzurraren aurkako pertsonala indartzea, edota beste administrazioekin elkarlanean sakontzea.

Laster egingo dituzte publiko NUPek egindako ikerketaren datu guztiak.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!