22 bozka lortu ditu Koldo Martinez, Geroa Bai, PSN eta Ahal Duguko parlamentariena, 20 bozka izan ditu Arantxa Ariasek, bere alderdia den Navarra Sumako kideena. Euskal Herria Bilduk eta Izquierda Ezkerrak txurian bozkatu dute.
Nere eskerrik sakonenak @PSNPSOE @geroabai eta @Podemosnavarra ko kideei nigan gaur jarri duten konfidantzagatik. Espero no defraudaros y defender los intereses de la ciudadanía de #Navarra con lealtad: #autogobierno #democracia y #DerechosHumanos
— Koldo Martínez (@komaur) September 26, 2019
Modu horretan askatu da apirilaren 28ko hauteskundeen ondotik soka luzea ekarri duen senatari autonomikoaren auzia. Senatari autonomikoa Izquierda Ezkerrarentzat izanen zela zehazten zuen Ahal Duguk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Izquierda Ezkerrak Espainiako Senaturako eraturiko Aldaketa hautagaitza sortzeko akordioak.
Horri eutsi nahi izan zion Izquierda Ezkerrak, Iñaki Bernal hautagaia aurkeztuz. Bestelako iritzia zuen Geroa Baik, uste baitzuen Nafarroako Jauregian beste koalizio gobernu bat eraturik, Aldaketa hautagaitzak zentzua galtzen zuela. Eta bi indarron artean talka dialektiko hainbat izan dira gai honen kontura.
Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak azaroaren 10erako deitzeak askatu du korapiloa. Izan ere, Aldaketa hautagaitzaren akordioak berak dio hauteskundeak errepikatuz gero akordioa bertan behera geratzen dela.
Horrek ekarri du Izquierda Ezkerrak Iñaki Bernalen hautagaitza erretiratzea. Bernalek berak azaldu duenez, “hautagaitzarekin segitzeak ez zuen zentzurik”. “Badakigu egungo indar oreka zein den, eta ez dugu eragotziko inoren hautagaitza aurrera ateratzea, baina ez dugu alde bozkatuko”, gaineratu du.