'Uholdeak', arte garaikidea Nafarroan zabaltzeko egitasmoa

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 26a, 14:06

Uharte Arte Garaikidearen Zentroak bultzatuta, erakusketak eta jarduerak antolatu dituzte Agoitzen, Tafallan, Tuteran eta Altsasun.

Uharteko Arte Garaikidearen zentroak Uholdeak izeneko programa antolatu du, bertako artisten lanari bultzada emateko eta arte garaikidea Nafarroan zehar hedatzeko helburuz. Erakusketa ibiltari bat egingo dute, urritik martxora arte, eta Nafarroako hainbat kultur aretotan ikusgai jarriko dituzte sei artista nafarren lanak.

Zehazki, urriaren 4an hasiko da, Agoitzen, eta han egongo da urriaren 30era arte. Azaroan Tuterako Almirantearen etxera helduko da, urtarrilean Altsasuko Iortia kulturgunera, eta otsailean, berriz, Tafallako kulturgunera.

Proiektuaren jatorria Uharte Zentroan zuten behar batean dago: zentroan sortzen ari diren proiektuei irteera bat emateko eta jendearengana helarazteko beharra ikusten zuten. Uharte Zentroan ezin zutenez beren gain hartu halako proiektu bat, Kutxa Fundazioaren eta La Caixa fundazioaren laguntza izan dute hura aurrera ateratzeko.

Egitasmoaren helburu nagusiak hiru dira: artea deszentralizatzea eta herrialdearen hainbat puntutara eramanez sareak sortzea; tokiko sortzaileen lana zabaltzea; eta, azkenik, komisarioen lanari bultzada ematea. María Ozkoidi da proiektuaren komisarioa eta egitasmorako hautatu dituen artistak dira Amaia Molinet, Fermin Jimenez Landa, Greta Alfaro, Leire Urbeltz, Fermin Diez de Ulzurrun eta Maia Villot. Azkeneko horrek ez du erakusketarik izango, baina performanceak egingo ditu.

Erakusketak antolatzeko, gainera, ideia bat proposatu du komisarioak: mahaiaren bueltan gertatzen dena abiapuntutzat hartzea. Eta hori izan da, hain zuzen, proiektuari jarri dioten leloa: Mahaira. Proiektua, beraz, trukaketa bat izango da, mahaiaren inguruan egon daitezkeen gaiak —lurraldea, muga, lankidetza, botere harremanak...— jorratzen dituzten artisten arteko hartu-emana.

Gainera, proiektua ez da erakusketa hutsetan geratuko. Lau herrietako biztanleekin hartu-emana ere bilatuko dute; eta horretarako, elkarrizketak, tailerrak, performanceak eta bestelako ekintzak egingo dituzte herrietan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!