Txalapartak berrargitaratu du 'No me avergoncé del Evangelio' liburua

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 23a, 14:03

Marino Ayerrak liburuan jaso zuen 1936ko estatu kolpean Altsasuk jasan zuen errepresioa.

Txalaparta argitaletxeak Marino Ayerraren No me avergoncé del Evangelio liburua berrargitaratu du; Nafarroan, eta zehazki, Altsasun, 1936an izandako errepresioaren testigantza esanguratsu eta gordina. Egilearen alabaren, Teresa Ayerraren bultzadaz argitaratu dute berriz lana, eta Altsasuko Udalaren lankidetza eta babesa izan dute horretarako. 

Marino Ayerrak 1958an argitaratu zuen lana lehendabiziko aldiz, Periplo argitaletxearekin, eta gero beste zenbait edizio izan ziren, baina guztiak agortu ziren. Oraingoan, Txalapartak aurkeztu du.

Ayerra Irunberrin jaio zen 1903an, eta 1928an apaiz egin zen. 1936an Altsasura heldu zen, apaiz gisa, eta herrira heldu eta hurrengo egunean, estatu kolpea izan zen. 22 urte beranduago, liburu batean bildu zuen herriak urte hartan jasandako errepresioa. Liburuak arrakasta handia izan zuen. Oso garrantzitsua izan da kolpe militarraren lehen egunetan gertatutakoa jakiteko, eta elizak jokatutako papera ezagutzeko. Hain zuzen, Jose Maria Jimeno Jurio edo Julian Casanovaren gisako historialariek ere erabili izan dute lana. 

Txalapartak hartu du orangoan hura berrargitaratzearen ardura, eta Jon Jimenez editoreak adierazi duen moduan, hainetzat "ezinbestekoa" izan da la hori egitea, liburuak garrantzi handia baitu, 1936an gertatutakoa lehen pertsonan azaltzne duen testigantza bat delako. 

Liburua modu klandestinoan saltzen zuten frankismoan, ebanjelioa balitz bezala. Eta, liburuak bezala, egileak ere pairatu zuen jazarpena. Hain zuzen, 1940an Hegoamerika alde egin zuen; lehenik Uruguaira, eta ondoren Argentinara. Hori izan zuen bizitoki 1988an hil arte. Hala, haren lanarekin, memoria historikoaren puzzlean pieza bat gehiago jartzeaz gain, idazlea berreskuratu eta haren izena berriz kalera atera nahi dutela adierazi du Jon Jimenezek. 

Liburuaren egilearen alabak, Teresa Ayerrak, lanaren gogortasuan eta krudeltasuna nabarmendu du, baina, era berean, gogortasunaren barruan atsegina dela adierazi du; eta ederra, besteak beste, deskribapenei esker garai hartara lekualdatzen duelako irakurlea. Zentzu horretan, Jon Jimenezek ere aipatu du liburuak, beste lan akademiko batzuek ez bezala, beldur eta kaos egun horien inguruko ikuspuntu emozional bat ematen duela.

Javier Ollo Altsasuko alkateak idatzi du lanaren hitzaurrea, eta Teresa Ayerrak, berriz, epilogoa. Ollok azpimarratu du Ayerraren lana baliagarria dela Altsasuko historia osatzeko, eta egia ezagutzeko. Egilearen alabak, berriz, azaldu du nola jarraitu zuen haren aitaren historia atzerrira joan ondoren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!