Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzen hasi dira

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 23a, 11:09

Euskalerria Irratilko Reyes Ilintxeta, Euskarabideko Mikel Arregi eta Topaguneko Ozkar Zapata, ostiraleko ekitaldian
  • Ekimenaren aurkezpen publikoa egin dute Katakrak-en.
  • 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen dute.  

 

Euskaraldiaren bigarren edizioaren aurkezpen publikoa egin zuten ostiralean, Iruñeko Katakrak-en. Han bildu dira Euskaraldiaren lanketan murgilduta ibili diren agente ugari, besteak beste, Nafarroako herri ezberdinetan lanean ibilitako Euskaraldiko batzordekideak, Euskarabideko kideak, Nafarroako Euskalgintzako partaideak, Euskaltzaleen Topaguneko kideak eta 2019-2020ko ariketa honetan parte hartuko duten hainbat entitate.

Lurpekariak taldeko musikariek girotuta, Euskaraldiak 2019-2020ko edizioan dakartzan berrikuntzak ezagutzera eman dituzte. Horien artean aurkeztu dira Ariguneak, entitateen baitan euskaraz eroso aritzeko guneak. Modu kolektiboan ariketa soziala burutzeko erraztasunak emango dituzte izena ematen duten entitateek, hain zuzen ere, barne zein kanpo Ariguneak identifikatuz eta sortuz. 15 egunez, beraz, entitateetako kideek Euskaraldia taldean gauzatu ahal izango dute ahobizi eta belarriprest rolak aukeratuta.

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko da ekimenaren bigarren edizioaren ariketa masiboa, baina dagoeneko Nafarroa osoan herri eta auzo ugari martxan daude ekimena prestatzen, Euskaltzaleen Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak ekimena sustatzeko duten hitzarmenaren baitan. Horren harira, oraindik ere irekita dago herrietako batzordeek izena emateko epea (webgunean: https://euskaraldia.eus/herriak-2/).

Hurrengo hitzordua azaroaren 23an izango da; Iruñeko Zentral aretoan ekimena gizarteratzeko ekitaldia ospatuko da, goizeko 11:00etatik 13:30era.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!