'Nafarroako ondarearen guneak' kongresua antolatu dute Nabarraldek eta Eusko Ikaskuntzak

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 19a, 13:42

'Ondarea, Paisaia eta Globalizazioa' jardunaldiaren bosgarren aldia izango da. Urrian egingo dute, Iruñean, Tuteran eta Auritzen.

Nabarralde Fundazioak eta Eusko Ikaskuntzak, 'Ondarea, Paisaia eta Globalizazioa' jardunaldia egingo dute bosgarrenez, urrian. Aurten, Nafarroako ondarearen espazioen gaiak zeharkatuko du kongresua, horren inguruko hausnarketa bultzatu nahi baitute antolatzaileek. Pierre Nora historialariak proposatutako kontzeptu batetik abiatu dira gai horretara heltzeko: memoriaren guneen kontzeptutik. Horri tiraka, gogoeta bat egin dute: memoria ere ondare bat dela.

Aurten, gainera, erronka berri bat dute antolatzaileek: Ondarea ulertzea etorkizuna eraikitzeko tresna gisa ere, eta, alde horretatik, gaiari beste ikuspegi batzuetatik begiratzea; egungo gizartearen testuinguruan kokatutako galdera berriak eginez, subjektu berriak aintzat harturik.

Kongresuak bi atal nagusi izango ditu; batetik, egitarau akademikoa, eta bestetik, kulturala. Egitarau akademikoa urriaren 18an eta 19an egingo dute, Iruñeko Civican aretoan. Ostiralean jardunaldiaren irekiera izango da, eta ekitaldi nagusiak larunbatean izango dira. Hiru panel nagusitan banatuta egongo dira: 'Mugarriak', 'Sareak, emakumeen ondarea' eta 'Iruñea, iragana eta etorkizuna'. 

Kulturari lotutako atalak, berriz, hainbat motatako zortzi jarduera hartuko ditu. Iruñean bost izango dira ekitaldaik: oroimenaren guneen inguruko bisita gidatua (bi egunetan), ‘Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak’ komikiaren aurkezpena eta hitzaldia, 'Dantza' filmaren proiekzioa eta hitzaldia, eta Viana eta Sonsierrako defentsa-sistemen erakusketa. Tuteran Erriberako memoriaren guneen inguruko mahai ingurua egingo dute, Artetan Iruñeko Erresumako Museo Etnografikora bisita gidatua, eta Auritzen, berriz, Bunkerren ibilbidea ezagutzeko bisita gidatua. Jarduerak urriaren 4an hasiko dira, eta hilaren 27ra arte iraungo dute.

Kultur egitarauan parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea, baina egitarau akademikorako, bai: nabarralde.eus webgunearen bitartez egin daiteke, urriaren 13ra arte.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!