Gerardo Bujanda, Euskalerria Irratiko zuzendariaren aita, zendu da

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 5a, 10:48

Argazkia: @deia_eus

Ehun urte zituen politikari jeltzale ohiak. Saseta batailoiko azken gudaria zen.

Gerardo Bujanda gudari eta politikari ohia zendu da bart, Donostian. Ehun urte zituen Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujandaren aitak. Abuztuaren 25an omenaldia egin zioten Donostian.

Bujanda Donostian jaio zen, Antiguo auzoan, 1919. urtean. Oso gazte zela, 16 urterekin, boluntario joan zen gerrara, EAJko gudariekin. Saseta batailoiko azken gudaria zen. Bujanda preso hartu zuten, eta Euskal Herriko eta Espainiako kartzela askotan egon ostean, langile bataloietan behartu zuten lan egitera. Afrikara alde egin zuen eta bertan bost urte igaro zituen. 1947an Euskal Herrira itzuli zen, eta erresistentzian hasi zen lanean. Orduko EAJ klandestinitatean zegoen eta Bujanda buruzagietako bat bilakatu zen, Juan Ajuriagerra, Josu Solaun edo José María Lasarterekin batera. Bujandak esparru askotan egin zuen lan: kultur arloan, euskararen arloan, politikoan eta abar. 

Irratian egindako lanarengatik da ezaguna nagusiki. 1960. urte inguruan Muñoz, Etxebeste, Mendizabal Okina, Elisabet Maiztegi, Karmen Kristobal, Koro Etxegoien eta Mikel Rezolak beste zenbaitekin batera Loiola Irratia sortu zuen Donostian, Kanpandegi kalean. 1954. urtean Frantziako gobernuak Eusko Jaurlaritzak Iparraldean antolatuta zuen Radio Euskadi ixtera behartu zuen. Hamarkada bat baino gehiago isilik izan ondoren 1965. urtean, oraingoan Venezuelatik berriro Radio Euskadiren uhinak mundura zabaldu ziren. Bujanda Radio Euskadik Euskal Herrian zuen berri emailetariko bat izan zen. 'Juan de Igueldo' goitizenarekin Hego Euskal Herriko berriak bidaltzen zituen Venezuelara irrati bidez mundura.

Espainiako trantsizioan politikagintzan jarraitu zuen, eta 1977ko eta 1979ko hauteskundeetan diputatu hautatu zuten Gipuzkoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!