2019-2020 ikasturtea aste honetan hasiko da Nafarroan 3 urteko 5.850 ikasle berrirekin

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 4a, 13:29

Eremu ez euskaldunean D ereduko 14 lerro izanen dira ikasturte honetan.

Aste honetan hasiko da Nafarroan 2019-2020 ikasturtea, 3 urteko 5.850 ikasle berrirekin. Guztira, 95.690 ikaslek hasiko dituzte eskolak Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan, eta horien % 64,2k sare publikoan ikasiko du. Gainera, Hezkuntza Departamentuan berariazko zuzendaritza nagusia duen Lanbide Heziketak 11.716 matrikula jaso ditu.

Nafar hezkuntza-sistemako Haur Hezkuntzako lehen mailaren hasieran, begi-bistakoa da adin horretako ikasleen kopuruan iazko datuekin alderatuta izandako beherakada, izan ere, aurreko urtean, 6.321 ikasle berrik hasi zuten Haur Hezkuntzako lehen maila. Jaitsiera honek oso-osorik berresten du azken bost urteotan adin horretako ikasleen kopuruan sumatzen den beheranzko joera etengabea.

Ikasle berrien artean, 3.619 neska-mutilek sare publikoan ikasiko dute eta 2.231 ikaslek sare hitzartuan. 4.089 ikasle A eta G hizkuntza-ereduetan daude eta 1.761 ikasle B eta D ereduetan.

2019-2020 ikasturtea aste honetan hasiko da Nafarroan, ostiralean oro har, irailak 6, eta guztira 95.690 ikasle izanen dira Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan. Horietarik, 60.978 neska-mutilek ikastetxe publikoetan ikasiko dute eta 34.712 ikaslek ikastetxe hitzartuetan. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoko ikasleen % 64,2 sare publikoan matrikulatuta dago, 2018/2019 ikasturtean baino % 62,9 matrikula gehiago bilduz, eta ikasleen % 35,8 ikastetxe hitzartuetan matrikulatu da, iaz baino % 37,1 matrikula gutxiagorekin.

2019/2020 ikasturtean, 18.510 ikasle izanen dira Haur Hezkuntzan (11.790 ikasle ikastetxe publikoetan eta 6.720 ikasle ikastetxe hitzartuetan). Lehen Hezkuntzan 41.616 ikasle matrikulatuta daude; horietarik, 27.421 neska-mutil ikastetxe publikoetan eta 14.205 ikasle ikastetxe hitzartuetan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) 27.082 ikasle daude (16.437 ikasle ikastetxe publikoetan eta 10.645 ikasle ikastetxe hitzartuetan) eta Batxilergoan 8.482 matrikula bildu dira guztira (5.340, ikastetxe publikoetan eta 3.142, hitzartuetan).

Hizkuntza ereduen arabera, A eta G ereduek 70.518 matrikula bildu dituzte guztira (72.451 matrikula, iazko ikasturtean), eta B eta D ereduek 25.172 matrikula (26.134 matrikula, 2018/2019 ikasturtean).

Nafar hezkuntza sistemako 33.246 ikaslek parte hartuko dute ingelesa ikasteko programan (PAI), eta horietarik, 31.246 neska-mutil bi sareetako A eta G ereduetan matrikulatuta daude, eta gainerako 2.149 ikasleak B eta D ereduetan.

Aurten eskolara hasiko diren 3 urteko haurren artean 2.299 ikaslek ingelesa ikasteko PAI programarekin egingo dute. Horietatik, 1.917k A eta G hizkuntz ereduetan eta 223 B eta D ereduetan. Horiei G British ereduko 159 matrikula gehitu behar zaizkie. Guztira Haur Hezkuntzako lehendabiziko mailan PAI ereduan izango diren 3 urteko haurrak 2.999 izanen dira.

Irakasleak

Nafarroako hezkuntza sistemako ikasleak 9.000 profesional inguruk artatuko dituzte ikasturte honetan, eta horietarik 5.513 irakaskuntzako funtzionarioak dira, behin-betiko lanpostua zein behin-behinekoa duten funtzionarioak, praktiketak daudenak eta erlijioa emateko lan-kontratu mugagabea dutenak barne harturik. Hauei gehitu behar zaie funtzionarioek estali gabeko eta aldi bateko langileekin bete beharreko lanpostuetarako 3.334 pertsona baliokideren kontratazioa.

Kontratazio-bolumen honek 781 pertsonaren gehikuntza ekarriko du aurreko ikasturtearekin alderatuta; horietarik, 749 pertsona irakasleak dira eta 32 pertsona ikastetxeetako langileak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!