Nafarroako Ogasunak hobetu egin du zergen kontrolaren eraginkortasuna, eta 178,7 milioi eurora igo du 2018ko emaitza

Euskalerria Irratia 2019ko abu. 6a, 08:40

2017ko emaitza baino 18,6 milioi euro handiagoa izan da, eta kalitate adierazle guztietan hobetzea lortu da. Zergadunarentzako laguntza zerbitzuak 470.000 arreta baino gehiago izapidetu ditu, eta zerbitzu telematikoetarako sarrerak 3,9 milioitik gorakoak izan dira

Nafarroako ogasunak 2018an aurrera eraman zituen zergen kontrolerako jarduketek 178,7 milioi euroko emaitza eman zuten, aurreko urtean baino 18,6 milioi euro gehiago (+%11,6). Guztira, ikuskapen (953 jarduketa), kudeaketa (57.815) eta diru-bilketa (58.261) sailek 117.029 jarduketa gauzatu zituzten.

Premiamendu bidean jadanik, zergadunek Nafarroako Zerga Ogasunarekin zuten zorra 514 milioi eurokoa izan zen 2018an, 2017an baino %0,28 gehiago. Datuek erakusten dutenez, zor horren bi heren sozietate anonimoena eta mugatuena da, eta %52a, 300.000 eurotik gorako zorrak dituzten 300 pertsona fisikoen eta juridikoen artean banatzen da.

Informazio hori guztia, erakunde autonomoak gaur bere webgunean argitaratu duen 2018ko memorian jasotzen da. Dokumentuan jarduketak aztertzen dira, eta baliabideen eraginkortasuna eta betetzea neurtzen duten zenbait adierazle ezartzen dira.

Zehatzago esanez, erakunde autonomoaren funtzionamenduan inbertitu den euro bakoitzeko, Foru Ogasunak 7,041 euro lortu ditu, zergen kontrolerako neurriak aplikatuz. Horrek %17,2 hobetzen du 2017ko ratioa, urte hartan, inbertituriko euro bakoitzeko 6,004 euro berreskuratu baitziren. Kudeaketa zuzenari ondoriozko diru-bilketa likido osoaren gaineko zenbatekoa ere hobetu da: %7,26, 2017ko %5,98rekin alderatuz.

NZO-HTN 320 pertsonak osatzen dute, eta bi heren emakumeak dira

Kontrol neurri horiekin, eta zergadunei ematen zaien laguntzaren bitartez, zerga sistema modu zuzenean eta eraginkorrean aplikatzeaz arduratzen da Ogasuna. 320 pertsonak, %66,88 emakumeak, osatu zuten erakunde autonomoko lantaldea 2018an. Urte horretan, A eta B mailako lanpostuetarako bi aukeraketa prozesu egin ondoren, aldi baterakotasuna %45,9tik %42,5era murriztu zen. Lurralde egituraketari dagokionez, berrikuntza nagusia zergadunaren arretarako Doneztebeko bulegoaren finkapena izan zen.

Datuek erakusten dutenez, zergadunaren arretarako bulego guztietan presentziazko 250.000 arreta baino gehiago erregistratu ziren, eta horiei telefono bidezko 200.000 arreta baino gehiago eta posta elektronikoz egindako 20.000 inguru gehitu behar zaizkie. Telefono bidezko arretaren ondoren egindako gogobetetze inkestek erakusten dutenez, zergadunek emandako puntuazioa 10 puntutik 8,06koa da. Iaz puntuazioa 7,72koa izan zen.

Administrazio elektronikoa arreta puntu gisa finkatzen da. 2018an 3,9 milioi sarrera egin ziren zerbitzu telematikoetara, hau da, %9,36 gehiago.

Diru-sarrerak berreskuratu egin dira

Diru-bilketari dagokionez, 2018an Nafarroako Ogasunak 5.107 milioi euro jaso zituen, krisi ekonomikoaren aurreko mailak berreskuratuz, eta 1.624 milioi itzuli zituen. Diru-bilketa likidoaren saldoa 3.482 milioi eurokoa izan zen.

Memorian azaltzen denez, ez ohiko urtea izan da, zerga egutegian egon diren aldaketak direla eta: itzulketen epealdiaren murrizketaren eta ordainketetarako tarte handiagoaren ondorioz, 2018an BEZaren 11 hilabete jaso eta 14 itzuli ziren. Halaber, Sozietateen Zergaren itzulketak aurreratu ziren, eta horrek eragina izan zuen zerga horren bilketan. Horrez gain, atzerapena gertatu zen Estatuarekin zegoen sorta batean, urtarrilera eramanez. Ondorioz, 2018ko kontabilitate balantzetik kanpo geratu zen.

Erlazioa inguruko ogasunekin eta nazioarteko jarduketa

Nafarroako Zerga Ogasunak aurrera jarraitu zuen 2018an inguruko ogasunekin zuen lankidetzarekin, Agencia Estatal de la Administración Tributaria (AEAT) izenekoarekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Ogasunekin, batez ere.

Horrez gain, 2018an aurrera jarraitu zuen Europar Batasuneko bertze herrialde eta lurralde batzuetako tributu administrazioekin dagoen lankidetza, Nafarroak ECOFINen duen presentzia finkatuz eta zerbitzu digital jakin batzuen gaineko Zergarekin erlazionaturiko zeharkako ezarpenari buruzko lan taldean parte hartuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!