Erromatarren bainuetxe baten aztarnak aurkitu ditu Aranzadik Zalduan

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 25a, 10:27
Aranzadi elkarteak Zalduan aurkitu dituen erromatar garaiko arrastoak.

Aranzadi zientzia elkartea eta Londresko Arkeologia Museoa indusketa egiten ari dira Auritz ondoko Zaldua eremuan. Erromatarren bainuetxe bat egon zela ondorioztatu dute.

Aranzadi zientzia elkarteak erromatarren garaiko harrizko eraikin baten arrastoak aurkitu zituen 2017an, Auritz eta Aurizberri artean dagoen Zalduako belardian. Ikerlariek ulertu zuten eraikin hori garrantzitsua izan zela bere garaian, eta eraikinak erromatarren garaian izan zuen eginkizuna ikertzeari ekin zioten. Bi urtez aritu dira aztarnak biltzen eta aztertzen, Londresko Arkeologia Museoarekin batera. Orain, azkenean, ondorioztatu dute eraikina erromatarren bainuetxe publiko bat izan zela.

Indusketei esker jakin ahal izan dutenez, harrizko eraikinak 350 urte inguru iraun zuen zutik, eta garai batzuetan bada ere, terma gisa erabili zuten. Hori ondorioztatzeko gakoa izan da ikertzaileek tokian aurkitu dituzten hypocaustum sistemaren aztarnak; erromatarrek erabiltzen zen berogailu sistema zen hori. 

Indusketa zuzendu duten Aranzadiko ikerlariek jakinarazi dutenez, gauza asko ikertu behar dira oraindik eraikinaren inguruan. Izan ere, eraikinaren zati baten indusketa baino ez dute oraingoz, eta zati handi bat dago oraindik aztertzeko. Eraikinak zutik iraun zuen bitartean aldaketa asko izan zituela azaldu dute, eta, ondorioz, “zaila” dela jakitea zer itxura izan zuen garai bakoitzean.

Aranzadiko ikerlariek zuzendu dute indusketa, Londresko Arkeologia Museoko kideekin batera, eta Arkeologiako hamalau ikasle izan dituzte lanean, boluntario moduan. Igandetik aurrera bisita gidatuak egingo dituzte, egindako aurkikuntzak erakusteko.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!