Artzaintzaren inguruko festa eguna Iropilen, uztailaren 21ean

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 19a, 13:07

Bi ekitaldi eginen dira Irati aldeko transhumantziaren balioa nabarmentzeko: Aezkoa eta Garazi arteko larre hitzarmena eta Bortuaren Eguna.

Aurten ere, Organbideko lepoa aetzen eta garaztarren arteko hitzarmenaren lekuko izanen da bazkaleku komunalen lurraldea zedarritzeko. Duela 463 urte egin zuten lehen aldiz. Hitzarmenaren sinadura Iropileko harrespilean eginen da, bertan 30 mugarri baitaude, bi ibarretako herrien ikur: 21 herri Garazikoak, eta 9, Aezkoakoak.

Hitzarmena 1556koa da eta urtero berritzen dute, bi ibarretako aziendek muga alde batetik bertzera gurutzatzeko baldintza berdinak izanen dituztela ziurtatze aldera. Ekitaldi sinbolikoa da, Aezkoa eta Garazi arteko harreman historikoen eta ekonomikoen erakusgarri. Azken urteotan, gainera, bi ibarren arteko harremana areagotu da.

Hitzarmenaren karira, gainera, mugaz alde bateko zein bertzeko jendea bildu, eta senidetasunezko jaia egiten dute bi ibarren artean. Horrela, bazkariaz gain, ibar bakoitzaren gizarte garapenean laguntzen duen jendea omentzen dute.

Aurten, gainera, hitzarmena berresteko sinadura Bortuaren Egunean eginen da. Kultur eta besta giroko eguna izaten da Manex izeneko ardi muturbeltzaren balioa nabarmentzeko, artzain lanbidea sustatzeko (funtsezkoa baita bi ibarretako ekonomian) eta oraindik ere transhumantziatik bizi diren Euskal Mendiko bizilagunak elkartzeko.

Festa egitaraua

Lehen ekitaldia 8:30ean hasiko da, 8 km-ko ibilaldia eginen baita inguruan barna, Patxi Caliotek eta Fabien Belchitek gidaturik. 9:00etan, ardi eta behi lehiaketak hasiko dira, bai eta gazta lehiaketa ere. Ordubetera, berriz, Aezkoako eta Garaziko nekazari eta artisauen produktuen azoka irekiko da (gaztak, eztia, sagardoa, etab.).

Larreen gaineko hitzarmena 11:00etan sinatu eta, eguerdiko otamenaren ondotik, ohi denez, bazkaria eginen da. Bazkalondoan, lehiaketen irabazleei sariak banatuko zaizkie.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!