Nafarroako emakumeen bizi-itxaropena 87 urtera arte eta gizonena 81 urtera arte luzatu da

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 17a, 10:45

2014-2020ko Osasun Planaren lehendabiziko hiru urteen ebaluazioak aurreikusitako 452 ekintzak abian jarri direla egiaztatu eta bilakaera positiboa berretsi du epealdi honetan ebaluaturiko adierazleen % 71etan.

Bizi-itxaropena Estatuko batezbestekoaren gainetik igo izana eta infartuei nahiz iktusei loturiko hilkortasun goiztiarraren jaitsiera dira 2014-2020ko Osasun Planaren lehen erdialdean lorturiko helburuetako bi, epeldi hau aztertu duen txosten baten arabera.

Txostenak Osasun Planaren inplementazioaren lehendabiziko hiru urteen jarraipena ebaluaztu du, eta horren arabera, aurreikusita zeuden 452 ekintzen % 88 abiarazi dela egiaztatu du, Osasun Sistema Publikoko 500dik gora profesionalen eta hainbat elkarteren partaidetzaz eratutako 50 lan-talderen baino gehiagoren bitartez.

Gainera, ebaluazioak jakinarazi duenez, Nafarroak gainerako autonomia-erkidegoak gainditu ditu Osasun Planean bildutako adierazleen % 71 baino gehiagotan. Aldi berean, azterlanak nabarmendu du Nafarroan neurtutako adierazleen % 82tan 2020rako aurreikusita zegoen helburua betetzeko zorian dagoela.

Besteak beste, agirian azterturiko datuak argi utzi dute 2014tik 2016ra bitartean, nafar emakumeen bizi-itxaropena 87 urtera arte igo dela, Estatuan dagoen 86,2 urteko batezbestekoaren aldean. Gizonen kasuan, nafarren bizi-kalitatea 81,3 urtekoa da batez beste, eta 80,3 urtekoa Estatuan.

Bizi-itxaropenarekin batera, bizi osasungarriko urteen kopurua ere luzatu da: 62,7 urte 2014an eta 64 urte 2016an, Estatuko batezbestekoa baino ia puntu bat handiagoa.

Gainera, 2016an, bihotzekoei loturiko hilkortasun-tasa 11,65ekoa izan zen 100.000 biztanleko, 2014koa baino baxuagoa, orduko tasa 13,7koa izan baitzen. Iktusak eragindako heriotzetan ere beheranzko joera egiaztatu da, 2016ko hilkortasun-tasa 6,5ekoa izan baitzen 100.000 biztanleko, eta 7,5ekoa 2014an.

Ildo berean, iktusari atxikitako gaixotasunak behera egin du Nafarroan. Hartara, 2012-2014 epealdian, lehendabiziko iktusen tasa 170ekoa izan zen 100.000 biztanleko, eta 149koa 2015-2016 epealdian. Sexuen araberako intzidentziari dagokionez, 2015-2016 epealdian 115 iktus diagnostikatu ziren 100.000 emakumeko eta 188 iktus 100.000 gizoneko.

Infartuei dagokienez, 2016an, 109,6 bihotzeko gertatu ziren 100.000 biztanleko, eta pazienteen % 70i birbaskularizazioa egin zieten kalteturiko arteriaren buxadura kentzeko, 2014an portzentaje hori % 65ekoa izan zelarik. Bihotzeko infartuek gizonengan duen intzidentziak emakumeengan duena hirukoizten du Foru Komunitatean.

Arreta goiztiarraren eta autozainketen hobekuntza

Bestalde, igoera nabarmena antzeman da Planaren hasieraz geroztik, arreta goiztiarreko programan sartutako haur kopuruan, 2017an 605 kasu artatu baitziren 2014an artaturiko 399 kasuen aldean. Berrikitan, programa 0-3 urtetik 6 urtera zabaldu da.

Autozainketen sustapenari dagokionez, eritasun kroniko garrantzitsuren bat duten 11.945 pertsonak (hots, kronikotasunaren estrategiari atxikitako pertsonen ia % 50) autozainketei buruzko prestakuntza jaso dute. Horren harira, gaixotasun baskularra eta/edo diabetesa duten 33.604 pertsonak eta asma duten 4.972 pertsonak autozainketei buruzko jarraibideak jaso dituzte. Bestalde, osasun-zentroetan, 22.166 pertsona ebaluatu eta erorikoak izateko arriskuari buruzko prestakuntza eman diete.

Halaber, bizimodua hobetzeko helburuari dagokionez, sedentarismoaren murrizketa antzeman da eta 65 urte baino gehiago duten nafarren % 71,1ek Lehen Mailako Arretan ariketa fisikoari buruzko gomendioak jaso dituela egiaztatu da. Helburu hori betetzeko, Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin lankidetza nabarmendu behar da, Jarduera eta Ariketa Fisikoa Sustatzeko 2017-2020ko Planaren bitartez. Esparru honetan, txostenak kanpaina instituzionalen eragin positiboa azpimarratu du; tabakismoa borrokatzeko kanpainarena, kasu.

Gainera, txostenak gogoratu du osasun-zentroetako profesionalek 15 eta 74 urte bitarteko 90.641 pertsonaren eta 75 urtetik gorako 25.543 adinekoren bizimoduari buruzko balorazioa landu dutela.

Bestalde, bizi-ohitura osasungarrien arloan, haur obesitatearen jaitsiera nabarmena antzeman da 2006-2007az geroztik. Aitzitik, helduei buruzko datuetan, joera goranzkoa da, nahiz eta bi adin-taldeetan datuak Estatuko batezbestekoen azpitik dauden. Halaber, kontuan hartzeko modukoa da sei hilabete arteko haurrak edoskitze naturalaz baizik ez elikatzeko joeraren igoera: % 31,5 2015ean eta % 34,8 2017an.

Antsietate eta depresio gehiago

Hobetu beharreko alderdien artean, antsietateetan zein depresioetan antzemandako igoera aipatu behar da: herritarren % 7,7k antsietatea edo depresioa diagnostikatua du eta portzentaje hori % 9,9koa izan zen 2017an. Aldi berean, patologia horietan, dexente murriztu dira gizon eta emakumeen arteko aldeak aipaturiko epealdian.

Azterlanak, halaber, eguneroko jardueretarako mugapen handia duten pertsonen kopuruaren igoera deskribatu du, biztanleria gero eta zaharragoa den seinale, baina gorakada hori 65 urtetik beherakoen artean ere antzeman da: % 14,8 2011n eta % 26,9 2017an.

Hala ere, Nafarroan 65 urte edo gehiago dutenek pertzepzio ona dute beraien osasunari buruz, izan ere, ia % 50ek uste du osasun egoera ona edo arras ona duela, eta horren arabera, Nafarroako pertzepzioa 4,3 puntu hobea da Estatuko batezbestekoa baino. Biztanleria osoan, pertzepzio positibo hori % 73,2koa da, eta 15 urte edo gehiagokoen artean, % 70,1ekoa (% 74,8koa gizonengan eta % 65,5ekoa emakumeengan).

Azken 4 asteetan min motaren bat izan duen biztanleriaren igoera da arreta berezia eskatu eta lan sakonago batean aztertuko den alderdia.

Tresna estrategikoak

Ebaluazioak nabarmendu duenez, ‘Osasuna Politika guztietan’ deritzon estrategia gauzatu da, eta horretarako sorturiko departamentuarteko kontseiluaren bitartez, zahartzaro aktiboa eta haurrendako arreta plana gisako zeharkako estrategiak bultzatu dira. Halaber, arreta soziosanitario integratua garatzeko hainbat lantalde tekniko eratu dira.

Inplementatu diren tresna estrategikoen artean, Prestakuntza Plan Koordinatua nabarmentzen ahal da, izan ere, 2017. eta 2018. urteen artean, Planari atxikitako estrategiei buruzko 868 prestakuntza jarduera egitea ahalbidetu du. Osasun Departamentuak antolatutako prestakuntza jardueren % 76,5 2014-2020ko Osasun Planaren estrategiekin lerrokatu dira. Gainera, ikerketa ildo espezifikoak zehaztu dira estrategien barnean; esaterako, genero-indarkeria eta denboraren menpeko larrialdiak.

2020rako helburuak

Azkenik, planaren erdialdean egindako txostenak egun bultzatzen ari diren lan-ildoak zehaztu ditu, plana 2020an bukatu aurretik garatzeko xedez.

Alde batetik, lehentasuna eman zaio Tafallako osasun-eremuan abiarazitako Gizarte eta Osasun arloetako Arreta Integraturako Proiektuaren hedapenari, herritarrek etxetik gertu arreta integratua jasotzeko aukera izan dezaten, eta behar konplexuak dituzten pertsonek etxean ahalik eta denbora gehien igarotzeko aukera izan dezaten.

Bigarrenik, zainketa aringarrien plan globalaren ezarpena bultzatu da, ospitaleak barne hartuta, eritasun kroniko aurreratua duten pazienteendako arreta aringarria segurtatzeko. Estrategia beraren barnean, Heriotza Duinaren Behatokia sortu eta mina artatzeko planaren garapena sustatu da, zainketa aringarrietan dauden pazienteendako zein eritasun kroniko edo akutua dutenendako.

Ildo berean, azterketak kronikotasunaren estrategia zabaltzen jarraitzea gomendatu du, hots, pertsonendako arreta hobetzea, haurrak eta helduak zein eritasun konplexuak dituztenak barne hartuz, osasun arloko profesionalek modu koordinatuan arta ditzaten, kontsultetara edo larrialdietara maiztasun txikiagoarekin joan daitezen.

Azkenik, agiriak Osasun Planari atxikitako estrategia guztietako programak eta ekintzak garatzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu du; hala nola, osasunaren sustapena; Osasun Mentaleko plan berria; droga eta adikzioen hirugarren plana; denboraren menpeko larrialdiak; pazientearen segurtasuna; edota minbiziaren arreta. Horrez gain, informazio-sistemak hobetzeko lan egitea gomendatu du datuak eskuratzeko, egoera ezagutzeko eta ahuleziak nahiz hobetu beharreko alderdiak aztertzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!