Nafarroako ekonomia "osasuntsu" utzi du laukoak

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 27a, 13:21

Mikel Aranburu,

2018ko Kontu Orokorrek adierazten dute aurrekontua %95,33an bete dela eta guztira 4.179 milioi euro erabili direla. 

Jardunean den gobernuak aurkeztu ditu iazko kontuak: 2018an 4.179 milioi euro erabili dira eta aurrekontuaren %95,33 bete da. Hala jaso du Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak. Organismo autonomoen, fundazioen eta enpresa publikoen kontuen proiektua da aurkeztu duena eta parlamentura igorri du dokumentazio osoa baita Kontuen Ganberak ikuska dezan ere. "Gastuaren zenbatekoak lehen aldiz gainditu du krisiak ezarritako 4.000 milioi euroen muga eta gasturik hadiena politika sozialetara bideratu da", azaldu du Aranburuk. Nafarroan inbertitzen den dirurik handiena pertsona-gastuetarako erabiltzen da: 1.253,17 milioi euro dira horretarako, alegia, %29.98 eta gastu arruntetarako erabili dira 1.513 milioi euro, %36,22.

Gastu sozialak darama parterik handiena

Politika arloan Hezkuntza, Osasuna, Kulturak eta babes sozialerako aurrekontuek hartu dute parte garrantzitsua: %55,44. Azpiegituretarako eta enpresen laguntzetarako %8,66 bideratu da. Espainiari bideratzen zaion dirua 539 milioi euro dira, zor publikorako 467 milioi euro eta entitate lokaletara 254 milioi euro bideratzen dira. 

Arau fiskalak, beteta

Fiskalitateari dagokionez arau guztiak bete direla ere jaso du txostenak. Aurrekontuaren egonkortasunaren legea bete dela nabarmendu du Aranburuk. Superabita adierazten dute gainera 2018ko kontu publikoek: 104,17 milioi eurokoak, Nafarroako Barne Produktu Gorbinaren %0,51 da hori. Zorra 3.421 euroan kokatua da 2018ko abenduan, aurreko urtean baino 186 milioi euro. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!