'Ttap Nafarroa' aldizkari digitalaren bigarren zenbakia, prest

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 13a, 13:53
Atzean zutik, Angel Erro, Oskia Ugarte eta Anabel Arraiza. Behean, eserita, Monika Belastegi eta Juan Kruz Lakasta (Argazkia: Maialen Huarte)

Ttap Nafarroa aldizkari digitalaren arduradunek agerraldia egin dute gaur Iruñeko Katakrak liburudendan, aldizkariaren bigarren zenbakia aurkeztu eta egitasmoak izandako harrera ona nabarmentzeko. Lehenengo zenbakian, Osasunako kapitain Oier Sanjurjo elkarrizketatu ondoren, aste honetan Iñigo Astiz kazetari eta idazlea izango da protagonista nagusia, Angel Errok egindako elkarrizketa mamitsua medio.

Berrikuntza euskaraz dator

Aldizkari berriak maiatzaren 31an banatu zuen bere lehen zenbakia. Argitalpenaren koordinatzaileak, Juan Kruz Lakastak, nabarmendu du oso harrera positiboa izan duela publiko euskaldunaren artean, eta lan-taldea ‘oso harro dagoela’ jasotako feedback positiboarekin. “Nabari da” -azaldu du Lakastak- “bazela honelako produktu berritzaile baten egarria publiko euskaldunaren artean”.

Izan ere, Ttap Nafarroaren izaera berritzailea ere azpimarratu dute ekitaldian. Aldizkaria gailu mugikorretan irakurri, ikusi, ukitu eta entzuteko pentsatuta dago, “eta guk dakigula behintzat, ezaugarri horiekin Nafarroan argitaratzen den lehen komunikabidea da. Euskarazko proiektuak oso berritzaileak izan daitezke, eta hauxe da horren adibide garbia”.

Azpimarratzeko moduko beste alderdi bat aldizkariaren kolaboratzaile zerrenda da. Besteak beste, Anabel Arraiza, Angel Erro, Mikel Idoate, Santi Leone, Oskia Ugarte, Garazi Arrula eta Aingeru Epalzaren sinadurak izango dira presente aldizkari digitalean. Agerraldian parte hartu duten Angel Errok, Anabel Arraizak eta Oskia Ugartek pozik onartu dute Ttap Nafarroaren gonbita, eta azaldu dutenez, hirurentzat oso pozgarria da “halako proiektu berri, berritzaile eta ilusionagarri batean ekarpena egiteko aukera izatea”.

Jatorria, Katalunian

Ttap Nafarroaren eredua Bartzelonako Esguard aldizkaria da. Haren sortzaile eta zuzendaria den GermàCapdevila kazetaria ere Iruñean izan da, eta bere poza adierazi du Katalunian sortutako eredua Nafarrora ere zabaltzeagatik. Izan ere,Esguard aldizkari digitalak sei urteko ibilbide oparoa du Katalunian: denbora horretan, 300 zenbakitik gora argitaratu ditu, eta astero-astero 15.000 deskarga inguru izaten ditu. Haren editoreak, GermàCapdevilak, azaldu duenez: “publikoak oso ondo erantzun dio Katalunian formatu berri honi, eta aspalditik genuen gogoa esperientzia publiko euskaldunaren eskura jartzeko. Esguarden azken urteotan pilatutako esperientzia Ttapen eskura ere jarri dugu zalantzarik gabe, proiektua zerotik abiatu beharrik ez izateko. Gainera seguru gaude, dagoeneko Bizkaiko eta Gipuzkoako edizioekin gertatu zaigun bezala, Nafarroako edizioarekin ere denok aterako garela irabazle, elkarrengandik asko baitugu ikasteko”.

Irakurri, ukitu, ikusi, entzun

Ttap Nafarroaaldizkari %100 digitala da, eta gailu mugikorretatik kontsumitzeko pentsatuta dago. “Publiko urbanoari begira enfokatzen ari gara, eta batez ere mugikorretik egin daitekeen kontsumo azkarrean pentsatzen”. Zenbaki bakoitzak elkarrizketa edo erreportaje nagusi bat du, testuz, bideoz eta audioz landutakoa, eta hainbat atal finko: iritzi zutabeak, grafiko interaktiboak, zinea, musika, teknologia eta moda aholkuak…

Aldizkariaren zuzendariak, Monika Belastegik, azaldu du helburua dela aldizkari osoa ordu laurden batean irakurri ahal izatea, “nahi duenari, hala ere, denbora gehiago pasatzeko aukera eskainiz, multimedia eduki aberastuaren bidez”. Izan ere, Ttap aldizkaria irakurri ez ezik, ukitu, ikusi eta entzun ere egin daiteke, eduki multimedia eta interaktiboa bere izaeraren ezaugarri nagusienak baitira.

Ttapaldizkari digitalak edizio propioak ditu Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian, etaIruñerrikoEuskalerria Irratia, DurangaldekoAnboto, Zumaiako Baleike, Debagoienako Goiena eta Tokikom toki komunikabideen bateragunearen ekimenez argitaratzen da, Bartzelonako Esguardaldizkariarekin elkarlanean. Eta argitaratzaileek "zinez" eskertu duten Euskarabidearen diru laguntzarekin. Aldizkaria Android zein iOS sistema eragilea duten gailuetatik eskuratu daiteke, doako Ttap aplikazioa deskargatuta.

Informazio gehiago:https://ttap.eus/info@ttap.eus

Aplikazioaren deskarga zuzena:https://labur.eus/ttap

Erlazionatuak

Ttap Nafarroaren aurkezpena

Euskalerria Irratia 2019 eka 13 Nafarroa

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!