Nafarroako Lan eta Osasun Publikoko Institutuak, Landa Garapen Departamentuarekin elkarlanean, Nafarroan lan istripuak gutxitzeko asmoz dibulgaziorako kanpaina publikoa jarri du abian. Ekimena biztanlego orokorrari zuzendua dago eta enpresetan prebentzioa txertatu eta lan arriskuak identifikatu zein desagerrarazteko neurriak sustatzea du xede.
“Lan Osasunean funtsezko pieza zara” delako lemarekin 110.000 liburuxka eta 21.000 kartel editatu dira, enpresariek prebentzioaren arloan duten erantzukizunaz ohartarazteko eta biztanleria aktibo osoak arriskuak ezabatzen laguntzeak duen garrantzia nabarmentzeko. Materiala esparru publikoetan banatuko da eta enpresetara, enpresarien elkarteetara eta sindikatuetara ere bidaliko da, zabalkunderako eta lanerako beste hainbat materialekin batera.
Komunikabideetako kanpaina maiatzean eta ekainean eginen da, eta horren barnean, mezua hainbat euskarriren bitartez zabalduko da; adibidez, prentsa idatzian gehigarri edo publizitate bezala txertatuz, irrati orokorretan nahiz musikan espezializatuta daudenetan iragarkiak sartuz, eta telebistan, zineman nahiz sare sozialetan bideoak zabalduz, Tutera, Lizarra zein Iruñea eta Iruñerriko markesinetan kokatuko diren kartelez gain. Horrekin batera, webgune bat ere sortu da, material horiek guztiak herritarren eskura jartzeko.
Udaren ondoren, NOPLOIko Lan Osasunaren Zerbitzuak, enpresariek elkarteek eta sindikatuek baterako ekintzak programatuko dituzte, enpresetan lanpostuei atxikitako arriskuen identifikazio eta deuseztapen goiztiarrerako ekimen berri hau garatu ahal izateko.
Arriskuen identifikazioa eta deuseztapena, guztion ardura
Lan istripuak askotariko faktoreekin lotuta daude: enplegu eta lan baldintzak, jarduera ekonomikoaren gehikuntza, lan arriskun prebentzioari buruzko legeria, etab. Nafarroan, enpresa gehienek “Kanpoko prebentzio zerbitzuak” erabiltzen dituzte laneko ezbeharrak prebenitzeko.
Horren harira, edukietan, enpresariek zein sindikatuek diseinatutako kanpaina honek oinarritzat hartu du lan-istripuak prebenitzen ahal direla eta prebenitu behar direla, eta ondorioz, nahitezkotzat jo du prebentzioa enpresan integratzea, enpresarien legezko betebeharra dela adieraziz. Baliabide espezializatuak eta prebentzio zerbitzuak behar-beharrezkoak dira arrisku-egoerarik konplexuenei aurre egiteko, baina arriskuen identifikazioa eta berehalako deuseztapena enpresa osoaren egiturari dagokio: zuzendaritzari, bitarteko arduradunei eta langileei.
Gai honi buruzko azterlanen eta beste herrialde batzuetako esperientzien arabera, argi dago enpresariek langileen osasunaren alde hartu duten konpromisoa hobetzen baldin bada, prebentzioa bitarteko arduradunek hartu beharreko erabakiei buruzko aldagaien artean txertatuz eta langileek ezagutzen dituzten arriskuak deuseztatzearen aldeko jarrera hobetuz, epe laburrean onerako aldaketa gertatuko da lan-istripuei buruzko datuetan.
Lan-istripuak prebenitzen ahal dira eta prebenitu behar dira
Lan jatorriko kalteak prebenitzeko Estatuko legeriak esparru honetako eskuduntza gutxi batzuk baizik ez ditu utzi autonomia-erkidegoen esku, eta ondorioz, Gobernuaren ekintzen eragina mugatua da, nahiz eta azken lau urteotan esparru honetan egindako lana dexente indartu den. Kanpaina hau, NOPLOIk eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak munduan, Europan zein Estatuan dauden gai honi buruzko estrategiei jarraiki garatutako proiektu eta ekintza orokor nahiz espezifikoei gehitu zaie.
Ekintza orokorretan artean, 2016-2020ko Osasun Publikoaren Planaren eta 2017-2020ko Lan Osasuneko Ekintza Planaren (Ekintza Plana) planifikazioa eta garapena nabarmendu behar da. Lan Osasunaren Nafarroako Kontseiluak onartuta, 9 programa ditu eta hauetako lehenak lan-istripuak murriztea du helburu, 6 azpiprograma barne harturik: industria, eraikuntza, baso sektorea, bide segurtasuna, garraioa eta enpresa-jardueren koordinazioa. Halaber, ekintza plan honen aurrekontua 8z biderkatu eta Lan Osasunaren Zerbitzuaren langileria arloko aurrekontua % 30 igo da.
Baso sektorean jaitsiera nabarmena gertatu da lan-istripuetan, % 33koa azken urtean (600 istripu mila langileko 2017an eta 400 2018an), basogintza arloko enpresa eta elkarteen, Basozaingoaren, Lan Ikuskaritzaren eta NOPLOIko teknikarien baterako lanaren ondorioz. Eraikuntza, industria, nekazaritza eta bide-segurtasuneko programetan, 2019an, berariazko kanpainak eginen dira “altuerako erorketak” eta “traktoreen iraulketak” saihesteko eta motozikleta lan-ibilgailutzat erabiltzen dituzten langileen “ikusgaitasuna” sustatzeko.
Ekintza espezifikoen artean, lehentasuna, Jarduera Ekonomikoen Estatuko Kodean zehaztutako istripu-arrisku eta langile kopuru handieneko enpresetarako bisita-proiektua izan da. 2017aren bukaeraz geroztik, NOPLOIko teknikariek 1.146 enpresa eta 117 obra bisitatu dituzte, eta haiexek arduratu dira prebentzioaren kudeaketa aztertzeaz, lanpostuei atxikitako arriskuak identifikatzeaz, enpresei prebentzio arloko gomendioak helarazteaz eta horien geroko aplikazioa egiaztatzeaz. Hobekuntza proposamenen % 32 gauzatzen ari da.
Bestelako proiektu espezifikoen artean, honako hauek aipatu behar dira: istripu larri guztiak, heriotza eragin dutenak zein prebentzioaren ikuspegitik interesgarriak izan daitezkeen istripu arinak ikertzeko asmoa, istripuei buruzko agirietako datuen analisiaren hobekuntza eta istripu arinak larri bihurtzea. Horrez gain, aurreko urtean istripuak izan dituzten enpresei buruzko proiektu bat ere nabarmentzen ahal da. Honetan, hiru ekintza-maila ezarri dira larritasunaren arabera, eta horiei atxikitako 165 enpresak eta 75 obrak Lan Ikuskaritzarekin batera bisitatuko dira 2018an, 2018ko istripugarritasunik handiena izan baitzuten.
Lan-istripuak murrizteko proiektu eta ekintza orokorren artean, enpresetako prebentzioaren kudeaketa hobetzea xede duen ekimen berri bat aipatu behar da: “Arriskuen kudeaketa-ziklo jarraitua”, kartelekin, egutegiekin eta tresna informatikoekingauzaturikoa, eta prebentzioko delegatuei (426 2017 eta 2018an) zuzendutako formakuntza Plana, baita Hezkuntza Departamentuarekin batera mamitutako Lanbide Heziketako ikasleendako proiektua ere. Azkenik, ekipoak ordezkatuz eta lan egiteko lekuak hobetuz istripuak prebenitzea xede duten hainbat dirulaguntza-deialdi nabarmen daitezke, zenbait lan-ildoren arabera.
Lan-istripugarritasunak goranzko joerari eutsi dio 2012az geroztik
Nafarroan, 2012az geroztik lan-istripugarritasuna hazten ari da, baita Estatu osoan ere. Baja eragiten duten lanaldi barneko istripuen kasuan, 2012az geroko bilaerari eutsi zaio: lan-istripu larrien eta heriotza eragiten dutenen kopurua bere horrexetan mantendu da azken lau urteotan, eta istripu arinek gora egin dute.
Nafarroan, intzidentzia Estatuko batezbestekoaren azpitik dago eta autonomia-erkidegoen batez besteko herenean kokatzen da, datuak sektore ekonomikoen arabera doitu ondoren. Eraikuntza eta industria dira istripugarritasun handiena duten sektoreak, nekazaritza eta zerbitzu sektoreen aldean. Kontuan izan behar da Nafarroan industriak pisu handiagoa duela Estatuan baino, eta eraikuntzarekin batera, azken 4 urteotan izandako hazkunderik handiena jasan duela.
2012tik aitzina, datuen bilakaera estu-estu lotuta daude azken lan-erreformetan ezarritako enplegu eta baldintzen kalteko lege-aldaketekin, ziklo ekonomikoaren egungo hazkunde fasearekin eta Europan parekorik ez duen prebentzio-sistemarekin, izan ere, enpresetan prebentzioaren kudeaketa kanporatzeko ezarri den joera orokorra ez da eraginkorra izan egoerari aurre egiteko.