Maiatzaren 26ra begira, Uxue Barkosen lehen aukera laukoa errepikatzea da: “Lehen momentutik esan dut hori. Gainera laukoaren leialtasunak egonkortasun politikoa ekarri du Nafarroara. Herritarrak hala erabakitzen badute, 26 eskuratuta, Geroa Bairen apustua izanen da horretan jarraitzea. Sozialisten lana hor badago, noizbait, ongi etorria izanen da, baina laukoa da oinarria”.
Laukoak gehiengo osora iristen ez bada haren B plana PSNrekin akordioa lotzea ote den galdetuta, Barkosek erantzun du hark ez duela B planik: “Hemen B plana duena erregimena da: Txibite lehendakari izatea. Guk emaitzak ikusita lanari ekinen diogu”. Eta ez hark diolako, baizik eta Nafarroako enpresariek hala esan dutelako, eta zenbait hedabidek nolako tratamendua egin duten ikusi dugulako”.
Jarduneko lehendakaria ez da alderdi sozialistaz fio, “PSNren historia ez baita fidatzekoa”. Haren aburuz, “PSNren hitzak ez dira kontuan hartu behar, aitzitik haren jarrera politikoa begiratu behar da”.
Halaber, PSNk EH Bilduri ezarririko betoarekin kritiko azaldu da Barkos: “Ez ditut betoak onartzen. Egin dugunak argi eta garbi erakusten du Geroa Bairen jarrera zein den. Indar guztiak deitu nituen negoziatzera. UPNrekin izan ezik indar guztiekin eseri nintzen. Eta ez nuen betrorik onartu”.
Atzo, Euskalerria Irratian bertan, EH Bilduko zerrendaburu Bakartxo Ruizek esan zuen “anbizio” gutxi ikusi zuela Uxue Barkosi egindako elkarrizketa batean. “Elarrizketa hori Diario de Navarra-koa zen, eta egunkari horren titularrak ez dira hausnarketa egiteko tresnarik onenak. Anbizoia bada, anbiziorik onena, erantzunkizuna errepikatzeko”.
Gaur argitaraturiko beste elkarrizketa batean, Javier Esparzak esan du Txibite ez dela lehendakari izanen Navarra Sumaren botoekin. Barkos sinesgaitz azaldu da: “Erabaki hori ez du Esparzak hartuko, UPNk eta bere indarren artean hartuko dute”.
BArkosek eskuina ahul dakusa: “Esparzak berak agertu zuen bere ahultasuna koalizio arraro hau eratuz. UPNk zioen Nafarroako alderdirik foralistena zela, eta CIudadanos bezalako alderdi antiforalista batekin elkartu da. Zer da koalizio hau? UPNren ahultasunen eta beldurraren erakuslea”.
UPNk legealdian egin duen oposizioaz, Barkosek dio beti Ana Beltranen eskutik aritu direla. “Erreseteoa egiteko aukera galdu dute. Apokalipsiaren edo identitateen konfrontazioaren eskutik egin dute lan, ez dute baikortasunetik proposamenik egin. Sumatzen da ahultasuna”. Haren irudikoz, “Esparzaren diskurtsoa bere zale muturrekoen neurrikoa izan da. Agian hor ere Voxen beldurra agerian geratu da”.
Oposizio apokaliptiko eta identitario horren aitzinean, Nafarroa hobe bat dagoela dio Geroa Bairen zerrendaburua: “Askoz hobeto gaude, kalean ikusi dezakegu. Ez ditugu arazo guztiak gainditu, lan handia dago egiteko, baina egia da askotan ez dugula gogoratzen nolakoa zen egoera duela lau urte”.
Laukoaren lana “bikaina” izan dela gaineratu du Barkosek. “Ez dut esaten ez dagoela zer hobetzerik. Ezberdintasun sakonak daude gure artean, une zailak izan dira: Rozalejo, zerrenda bakarra… Ahal Duguk ez ezik Ezkerrak ere bozketa, jarrera ulertzen zailak izan ditu. Baina lortu dugu gure konpromisoak aurrera ateratzea”.
Iganderako kiniela ere egin du Geroa Bairen zerrendaburuak: Navarra Sumak 15, Geroa Baik 12, EH Bilduk 8, PSNk 8, Ahal Duguk 4, Izquierda Ekerrak 2, eta Voxek 1.