Sorkuntza eta elkarlana bultzatuko ditu Dantza Garaikidearen Jaialdiak

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 24a, 13:18

Nafarroako konpainia profesionalen dantza garaikideko lau sorkuntza proiektuk osatzen dute DNA Sorkuntza 2019 programa. Konpainia horiek egonaldiak eginen dituzte bost espazio desberdinetan

Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan izanen da Electrical Body izeneko konpainia. Lurrarekin eta izaki bizidunekin erlazionatzeko bide diren indar-elektromagnetikoen mugimenduak ikertuko dituzte. Led Silhouette konpainiak Lesakako Harriondoa Kultur etxean garatuko du Concavo-convexo proiektua garatzeko. Gorputzaren eskultura-ikuspegia eta gorputzak espazioarekin duen harremanari eta espaziorik ezari buruzko ikerkuntza-lana eginen du konpainiak. Jon Lopez eta Martxel Rodriguez ariko dira lana gidatzen.

Azkona eta Toloza konpainiak Teatro Amazonas proiektua Tafallako Kulturgunen garatuko du. Iberoamerikako neokolonialismo ekonomikoarekin eta kultura garaikidearekin lotutako gaiak landuko dituzte. Becky Siegelek El equilibrio entre sujetar y soltar ikuskizuna zuzenduko du Antsoaingo antzokian. Dantzarien ahots propioa bilatzeari eskainiko dio espazioa.

Egonaldi hauekin elkarlanak sustatzea izaten da xede. Dantza, musika eta oro har artearekin erlazionatutako jendearen hartu-emanak izateko aukera baitute konpainiek.

DNA programak bosgarren proiektu bat ere izanen du: Atalak 2.0 egitasmoa. Aktania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko dantza munduko profesionalekiko lotura izan nahi du. Tuterako Gaztanbide antzokian garatuko dute.

Heldu den astean hasiko dira konpainia batzuk egonaldi horietan murgiltzen eta beste batzuek uda garaia aukeratu dute horretarako. Udazkena sartu orduko bitartekaritzarako, eta bateratu eta partekatzeko jardunaldia eginen dute. Egonaldietatik irteten diren proiektuak heldu den urtean estreinatzeko asmoa dute. DNA 2019 Sorkuntza 2020ari begirako dantza jaialdiaren aurretiko egonaldi artistikoetarako programa izanen da: sorkuntza landuko dute aurten, erakustaldiak izanen dira heldu den urtean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!