Ingurumenari eta garapen ekonomikoari heltzeko 12 neurri aurkeztu dituzte hainbat eragilek

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 17a, 12:28

'Nafarroa Bizirik Nahi Dugu' manifestuaren bertsio berri bat aurkeztu dute 20 eragile eta sindikatuk; besteak beste, LAB, ELA, CGT, ESK, Steilas, AHT Gelditu Elkarlana, Ekologistak Martxan Fundazioa, Sustrai Erakuntza edota Greenpeace taldeek.

Duela 8 urte, 2011an sinatu zuten dokumentua da berridatzi dutena. Manifestuaren sinatzaileek adierazi dutenez, egungo egoera larriak bultzatu ditu horretara. "Gizadiak ezagutu duen inoizko krisialdi ekologikorik larrienaren aurrean gaude. Horrekin batera, krisi ekonomiko eta sozial gogorra jasaten ari gara. Zantzu guztien arabera presio hauek gora egingo dute datozen urteetan, kudeaketa kapitalistaren eskutik", ohartarazi dute.

Azken urteotan, Nafarroan eta Madrilen izan diren gobernuek "kapitala, garapen ekonomikoaren teoria eta heteropatriarkatuaren logika" jarraitu dutela salatu dute. Horren adibide gisa, prestazio handiko trena, Etxabakoitzeko PSISa, Castejongo zentral termikoa, Aroztegia, Nafarroako ubidea, Bardeetako tiro poligonoa edota Itoizko eta Esako urtegiak aipatu dituzte, besteak beste. Proiektu horiek zalantzan jarri eta alternatibak landu dituen herri indarra goraipatu dute.

12 proposamen

Hurrengo gobernuak aurrera eraman ditzan, hamabi lan ildo biltzen ditu manifestuak:

  1. Informazio zehatza eta zorrotza behar da. Beharrezkoa da ere gizartea trebatzea sakonki ezagut ditzan aurrean ditugun erronka larriak.
  2. Eztabaida sozialerako parte-hartze markoak sortu behar dira, alternatiba ezberdinak aztertu eta egokienak aukeratu ahal izateko.
  3. Espekulazio inmobiliarioa errotik moztu, beharrezko diren neurri legalak indarrean jarriz.
  4. Energia kontsumoa murrizteko planifikazio argia eta ekoizpen eta kudeaketarako sistema demokratikoa indarrean jarri behar da. Proiektu eolikoak neurrian garatu, publikoak, kooperatiboak eta sozialak bultzatuz pribatuen ordez.
  5. Inolako onura sozialik ez dakarten eta kostu ekonomiko eta ekologiko izugarria duten makro-azpiegiturak gelditu.
  6. Hondakinen kudeaketa arduratsua egin behar da, sorreratik hondakinak murrizteko eta, erakunde publiko zein gizartearen inplikazioaz, berrerabilera eraginkorra bultzatu eta konpostajea bermatzeko.
  7. Gizartearen beharretatik eta baliabide naturalen tamainatik urrun dagoen neurrigabeko kontsumo mailari mugak jarri.
  8. Uraren kultura berria bultzatu, ura baliabide mugatutzat jo eta ondare gisa kontserbatzeko diren printzipioak jarraituz, eta eskaintzaren handitzea alboratuz.
  9. Ondare kulturalak, materialak zein inmaterialak, aniztasun kulturala islatzeaz gain, aurreko belaunaldiekiko lotura eta jarraipena bermatzen du. Ezinbestekoa da berau kontserbatzea eta babestea.
  10. Nekazaritza eta abeltzaintza estentsiboa defendatu eta bultzatu, lurrari lotua, tokian tokiko ekoizpen eta kontsumo markoak sortuz, elikadura burujabetzaren oinarriekin bat egiteko.
  11. Komunalen defentsa egin, lurraldearen kudeaketan tokian tokiko komunitatearen parte hartze zuzena sustatuz eta bere erabilera balioa lehenetsiz.
  12. Babestutako espezie eta espazioak defendatzeko konpromiso irmoa, berauek defendatzeko legeen etengabeko urratzeari bukaera emanez.

Hurrengo legegintzaldian aurkeztutako lan ildoak aurrera eramateko laguntzeko prest azaldu dira sinatzaileak.

Honakoesk sinatu dute manifestua: Acción Clima, AHT Gelditu Elkarlana Nafarroa, Alde Zaharreko Gazte Mugimendu eta Maravillas Gaztetxea, Compañía de las 3 Erres, Coordinadora Monte Alduide, Ekologistak Martxan Iruñea, Sustrai Erakuntza, Greenpeace, Grupo Gardatxo de Larraga, Hiru Mugak Batera, Kalaxka, Larraungo talde ekologista, Mugarik Gabe Nafarroa, Pensionistak Martxan, Plataforma contra la línea de alta tensión Orkoien-Ezkabarte, Plataforma Sakana Trenaren Alde AHTrik EZ,  CGT-LKN Nafarroa, ELA Nafarroa, ESK Nafarroa, LAB Nafarroa eta STEILAS Nafarroa

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!