Osasun Departamentuak meningitisaren aurkako txerto berria jarriko die 11 eta 12 urteko haurrei

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 16a, 19:16

Txerto honek batetik laura handitzen du meningokoko moten aurkako babesa.
2019tik 2022ra, 12 eta 18 urte arteko 68.078 neraberi jarriko zaie txertoa.

Osasun Departamentuak, Nafarroako Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoaren proposamenari jarraituz, meningokokoaren aurkako txertoa sartu du Foru Komunitateko Umeen Txertaketa Egutegian. Txerto berriak ez du bakarrik C motako meningokokoaren aurka babesten, orain arte emandakoak bezala, baizik eta beste hiru memingokoko motan aurka ere babesten du, hain zuzen ere, A, W135 eta Y moten kontra, gaixotasuna ere maiz sortzen dutenak.

Nafarroako Txertaketei buruzko Aholku Batzorde Teknikoaren proposamenaren helburua da Gaixotasun Meningokoziko Inbasiboaren maiztasuna murriztea, txerto hori Nafarroa 11-12 urteko Haurren Txertaketa Egutegian sartuz.

Babes handiagoa

Gainera, txerto berarekin egindako “erreskateko” immunizazioa sartu da egutegian, Nafarroan bizi eta 2002tik 2007ra bitartean jaio diren guztientzat. Txertaketa berri hau, egun indarrean dagoen C meningokokoaren aurkako bigarren txertaketari gehituko zaio. Ondorengo lau urteetan (2019-2022) txertoa jarriko zaie 12 eta 18 urte bitarteko 68.078 neraberi.

“Erreskateko” txertaketaren helburua, txertoa hartzen dutenei eritasuna saihesteaz gain, biztanleriaren babes kolektiboa lortzea da, izan ere, nerabeak eta gazteak dira Gaixotasun Meningokoziko Inbasiboa sortzen duten bakterioen eramaile nagusiak, eta horiei txertoa jarriz gero, txertatu gabeko pertsonen kutsapena saihesten da.

Proposamen hau egin aurretik, Nafarroako Txertaketei buruzko Aholku Batzorde Teknikoak “Gaixotasun meningokoziko inbasiboaren aurkako txertaketari buruzko gomendioak” deritzon txosten teknikoa aztertu du. Txostena, Estatu mailan Txertaketei buruzko Aholku Batzorde Teknikoaren lana egiten duen Txertaketen Programa eta Erregistroari buruzko Batzorde Txostengileak landu du, eta Osasun Siztema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak onetsi zuen maiatzaren 8an.

Espezialista independenterik onenak biltzen dituen talde tekniko horren esanetan, azken denboraldi epidemikoetan begi-bistakoa izan da W eta Y serotaldeetako kasuetan izandako igoera. Horrekin batera, txerto tetrabalenteek banaka nahiz biztanleria osoaren gainean eragindako babesaren eraginkortasuna eta iraupena nabarmendu ditu.

1,8 milioi inbertsioa ondorengo lau urteetarako

A, C, W135 eta Y serotaldeetako meningokokoen aurkako babesa bermatzen duten txerto berriak egutegian sartzeko, Osasun Departamentuak 1.872.508 euroko inbertsioa egin beharko du ondorengo lau urteetarako.

2008an jaiotako neska-mutilen txertaketa 2019ko azaroan eginen da, 2019-2020 ikasturtearen barnean. Une honetan, adin horretako neskei giza-papilomaren birusaren aurkako txertoaren lehendabiziko dosia ere emanen zaie.

Nafarroan, “erreskateko” txertaketa honako kronograma honi jarraiki eginen da:

  • 2002an eta 2003an jaiotakoak: Batxilergoko edo Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzten gazteen kasuan, txertaketa ikastetxeetan eginen da 2019-2020 ikasturtearen barnean, 2020ko urtarriletik aitzina. Eskolatu gabeko gazteek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun-zentroetan eta kontsultategietan hartuko dute txertoa, 2020. urtean.
  • 2004an jaiotakoak: Txertaketa 2019-2020 ikasturtearen barnean eginen da, DBHko 4. mailan, 2020ko urtarriletik maiatzera bitartean.
  • 2005ean, 2006an eta 2007 jaiotakoak: Txertaketa ikastetxeetan eginen da 2020-2021 ikasturtearen barnean, DBHko 2. 3. eta 4. mailetan.

Adierazi denez, 12 eta 18 urte bitarteko nerabe eta gazteen txertaketaren helburua, haien babesa eta gainerako biztanleena bermatzea da, eta horren kariaz, Osasun Departamentuak kanpainan parte hartzera gonbidatu ditu.

B meningokokoaren aurkako txertoa baztertu da

Bestalde, Nafarroan, Estatuko txertaketa-egutegian jasota ez dagoen B meningokokoaren aurkako txertaketa baztertu da.

Horrela, Nafarroan, aditu independenteen taldeak proposatutako irizpide berbera aplikatu da, Estatu mailan egindako gomendioen harira eta Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioko Osasun Publikoaren Batzordeak eta Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak hartutako erabakiari jarraiki.

Erabaki hartu aurretik, ondo egiaztatuta gelditu da azken bi urteotan ez dela bakterio horrek eragindako eritasunik gertatu Foru Komunitateko 14 urtez beheitiko adingabeen artean. Datu horiek bat datos Estatu mailako egoerarekin, eta horien arabera, egindako azterlanek argi frogatu dute epidemiak Espainian inoiz izandako intzidentziarik txikiena izan duela.

Txertoak eragindako babesaren iraupen laburra eta txertatu gabeko biztanleen babesik eza dira, txertoaren egiazko eraginkortasunari buruzko datuen eskasiarekin batera, B meningokokoaren aurkako txertoa Estatuko txertaketa-egutegian ez sartzearen beste arrazoi batzuk.

Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioak informazio agiria argitaratu du meningitisaren aurkako txertaketari buruzko galderarik ohikoenei erantzuteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!