Egitarau zabalagoa izanen du 20. Erriberriko Antzerki Jaialdiak

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 16a, 14:00

Uztailaren 19tik abuztuaren 3ra bitartean ospatuko da. La Cava eta La Carpa guneetako ikuskizunetarako sarrerak salgai daude.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Baluarte Fundazioak antolatutako Erriberriko Antzerki Jaialdiak 20. edizioa ospatuko du uztailaren 19tik abuztuaren 3ra. Antzerki klasikoan oinarrituko da, eta beste herrialdeetan ekoizten den antzerkiari protagonismo berezia emango zaio, Europako (Frantzia, Portugal) eta Latinoamerikako (Mexiko) egile eta konpainien proposamen ezberdinak aurkeztuz.

La Cava eta La Carpa guneetako ikuskizunetarako sarrerak salgai daude, leihatilan edo internet bidez, www.oliteteatrofestival.com eta www.baluarte.com orrialdeetan. Ekainean formatu txikiko gainontzeko ikuskizunetarako sarrerak jarriko dira salgai.

Aurten, jaialdiak egitarau zabalagoa izango du, eta hilaren 25a eta 31 (asteazkenak) eta uztailaren 26a (osteguna) gehitu zaizkio. Uztaileko azken bi asteburuetan eta abuztuko lehenbizikoan La Cavan izango dira ikuskizunak.

Dori López Juríok kultura zuzendari nagusiak eta Luis Jiménezek Erriberriko Antzerki Jaialdiaren zuzendari artistikoak gaur goizean aurkeztu dute egitaraua, Jiménezen esanetan “xede ditugun kultur erreferentziak berresten dituena”. Zuzendari artistikoak esan du “pasadan edizioak Valle Inclánen eskutik 98ko belaunaldira hurbildu bazigun, honakoak, Lorcaren bitartez, 27ko belaunaldiaren antzerki-poetikan murgilduko gaituela.

Gune berriak

Erriberriko Antzerki Jaialdiak La Cava guneaz gainera espazio berriak gaineratu dizkio jaialdiari. Formatu txikiko ikuskizunak eskainiko dira horietan. Karpa bat ezarriko da, Santa Mariaren arkupean hainbat obra eskainiko dituzte, eta Errege Jauregian, Erriberriko kultur etxean eta Tafallako kulturgunean ere izanen da antzerkiaz gozatzerik.

Ikuskizunak

Antígona eta Retrato de Ludmilla en Nina Simon obretan emakumearen borroka presente dago. Biak emakumearen arimara hurbiltzen dira eta ziurgabetasuna nagusi den garai hauetan gizartearen taupada jasotzen dute.

Sara Canok Erriberriko Jaialdian estreinatuko duen Vengo obrak landa-jatorriaren nortasuna irudikatzen du, eta Kukai Dantzak Jon Mayaren zuzendaritzapean bi lan berri aurkeztuko dizkigu: Erritu eta Gelajauziak –Dantzaren Sari Nazionala–.

Shakespeare, Molière, Lorca eta Calígula obrek maitasuna, heriotza, antzerkia, eta bizitza izango dituzte mintzagai, tragedia- edo komedia-gakoan.

Antzerki garaikidea obra hauen eskutik etorriko da: La Valentía, El último tren a Treblinka, Lorca, la correspondencia personal eta La noche antes de los bosques.

Portugal da 20. edizio honetako herrialde gonbidatua. Lisboako Antzerki eta Zinema Goi Eskolak eta Companhia Do CHAPITÔ konpainia izango dira haren ordezkariak. Azkenak Electraren bere bertsio berezia aurkezteaz gainera, tailerra emango du.

Nazioarteko programazioa Frantziarekin osatuko da, Comédie de Caen Zentroaren Retrato de Ludmilla en Nina Simon obrarekin, Afrikar diaspora, indar artistikoa eta mina gogora ekartzeko; eta baita Mexikorekin ere, Efe Tres Teatro konpainiaren Merolico:entremeses bululuados obrarekin.

Aurten, Nafarroako bi konpainia programatu dira La Cavan: Producciones Maestras eta R.M.Management.

Egoitza artistikoa/antzerki-poetika

Edizio honetan ere, Erriberriko Antzerki Jaialdiak bi deialdi egin ditu Nafarroako antzerki-konpainiek beren proposamenak aurkez ditzaten. Bi kasuetan maiatzaren 27ra eta 31ra arte dago izen-emateko epea, hurrenez hurren, eta proiektuak difusion@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!