- Haur Hezkuntzaren Lehenengo Zikloa (0-3). Nahiz eta diru-sarrera txikienak dituzten familientzako kuotak jaitsi, ez da batere aurreratu Hezkuntza Departamentuak haur eskola publiko guztien kudeaketa komunean. Horrela lortuko genuke etapa honen izaera hezitzailea eta eskaintza publikoa, doakoa eta unibertsala ahalbidetu. Gainera ume kopurua gutxitu behar da gelako, eta kudeaketa pribatuko ikastetxe publikoetako langileen lan baldintza eskasak hobetu.
- Barne Produktu Gordinaren %6 hezkuntza publikoarentzat. Nafarroa pasa da hezkuntzarako BPGaren % 3 ematetik (murrizketen urte gogorrenetan), 2019an % 3,4 ematera. UNESCOk dio gutxienez % 6 sartu beharko litzatekeela, eta aipatu ehunekoa lortu behar genuke hurrengo legegintzaldian. Eskola Publikoaren finantzaketari buruzko lege baten bidez bermatu behar da inbertsio maila hori. Legeak emanen lituzke behar adina baliabide hezkuntzaren hobekuntzarako hitzarmena garatzeko. Bestalde, aurrera egin behar da tinko hezkuntza sistema osoa publiko bihurtzeko prozesuan. Horrela saihestuko genituzke segregazioaren eta sistema publikoa deskapitalizatzearen arazoak, egun bizi-bizi dirautenak.
- Kontratazio zerrenden kudeaketa integratua. Begi-bistan daude gaur egungo sistemak sortzen dituen eragozpenak: irakasleen estresa, baja kopurua handitzea, langileen babesik eza, ordezkapenak egiteko zailtasunak, oposizio epaimahaiak ugaritzea eta abar. Premiazkoa da negoziatzea beste araudi bat mahai sektorialean, kontuan hartuko dituena irakasle bakoitzaren lan esperientzia eta beste merezimendu batzuk, eta gaurkotuko dena birbaremazioaren bidez.
- Hizkuntzen Trataera Bateratua (HTB). Euskarari dagokionez aurrerapen txikiak izan dira. PAIk, berriz, araudi lotsagarri baten bidez hedatzen segitu du, eta hizkuntzen trataera bateratuko balizko programak (PAI ordeztu behar lukeenak) ez dira abiarazi, ezta programa pilotu gisa ere. HTB programak eskatzen du irakasleak prestatuago egotea, bai pedagogikoki, bai hizkuntzaren aldetik; koordinazio handiagoa eskatzen du, ikasgai bakoitzeko esku-hartzea sendotzeko modu integratuagoan, ikasleek hobetu dezaten hizkuntza askotan duten gaitasuna.
Eredu berri honek berekin dakar demokrazia linguistiko handiagoa, ezin baita eraiki jendarte kohesionatu bat baldin Nafarroako ikasleen %60 gelditzen bada euskara batere ikasi gabe. Horrexegatik, nahitaezkoa da eredu berriaren oinarri izatea geure hizkuntzak, atzerriko hizkuntzak integratuta, bai nazioartean gehien erabiltzen direnak, bai geure ikasgeletan daudenak, gero eta aniztasun handiagoa baitago horietan.
- Eskola laikoa. Oraindik garaiz gaude: hurrengo ikasturterako, araudiak erlijiorako ezartzen duen ordu kopurua minimora murriztu dezakegu, eta aurrera egin, eskola publikoan ez dadin izan doktrinamendu erlijiosorik.
- Hezkidetza. SKOLAE programa abian jarri da. Teorikoki programa interesgarria da, ongi baloratu dena fase pilotuan, eta kritikak izan dituena, irakasleak lanez zamatu dituelakoan, hedatze fasean. Nahitaezkoa da pedagogia feminista zabaltzea ikastetxe guztietara, eta denetan bete dadila LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako legearen hezkuntza alderdi guztiak.
Hitz batez, hauteskundeetarako marketin gutxiago eta irmotasun politiko handiagoa, egiazko aldaketa izan dadin hezkuntzan.