Frankismoa goratu eta kolpe militarra babesten duten ikurrak erretiratzen dihardu Nafarroako Gobernuko Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideetarako zuzendaritzak. Nafarroako Memoriaren Institutuak berriki jakinarazi die zazpi tokiko entitateri oraindik ere frankismoa goratzen duten ikurrak edo izendapenak dituztela. Hala, lau herritan oraindik ere "seme kuttun"-tzat dute Francisco Franco jenerala: Esteribarren, Irunberrin, Marcillan eta Miranda Argan. Berriki 2.500 biztanle baino gehiagoko herrietako dokumentuak aztertu dituzte eta horiekin batera Ablitasen ere Jose Luis Arrese goratzen zela jakin ahal izan dute. Aurretik beste zenbait udaletako idazkiak ere aztertu dituzte eta horren agerikoak ez diren izendapenekin egin dute topo: alkate zenbaiti egiten zitzaizkien goraipenak, emandako dominak... Horien berri ez dute izan orain arte udal askok eta gutxinaka ezabatzen ari dira frankismoa eta diktadura garaia goraipatzen dituzten ikur eta izendapenak.
"Jendilajea" ere bazen herrietan
Herri zenbaitetatik kanporatu egiten zituzten bizilagunak "jendilaje" izendatzearekin batera. Frankismoarekin, kolpe militarrarekin eta diktadura horrekin bat ez zetozenak ziren kanporatzen zituztenak. Eta ez ziren kanporatze hutsarekin konformatzen, fusilatu ere, fusilatu zituzten zenbait herritar arrazoi horrengatik. Izendapen horien berri ere helarazi diete Memoriaren Institututik udalei eta hala ezabatzeko aukera izanen dute "jendilaje" izendapena zutenen senideei aitortza bat egin asmoz.
Hogei izendapen baino gehiago erretiratuak daude
Memoriaren Institutuak denbora darama jada frankismoa goratzen duten ikur eta izendapenak identifikatzen eta kentzen. Lehen fase batean 2.500 biztanle baino gehiago dituzten herrietan egin zuen lan. Jakin ahal izan zuen 20 izendapen edo gehiago bazirela tartean 17 udalerritan. Horietatik egun %80 erretiratuak dituzte.