2018–2028ko Etxebizitza Plana onetsi du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 8a, 18:52

Gazteen emantzipazioa, etxebizitza eskuragarria eta bizitoki-parkearen zaharberritzea dira planaren lehentasun nagusiak, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna sustatuz.

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak aurkeztu du gaur goizean prentsaurrekoan Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran onetsitako 2018–2028ko Etxebizitza Plana, parte-hartze publikoaren epea bukatu eta Etxebizitza Kontseiluaren aldeko irizpena jaso ondoren.

2019–2022 epealdirako, Planak 350 milioi eurotik gorako aurrekontua izanen du, hots, 130 eurotik gorako urteko gastua pertsona bakoitzeko. Espainiako gainerako lekuetan zenbateko hori ez da 10-12 eurotik gorakoa.

Planaren kopuru nagusiei dagokienez, 2019–2022 epealdirako helburua da alokatzeko laguntzak 4.500 gazteri eta 3.050 familiari helaraztea, baita beste 560 familiari ere, Alokatzeko Poltsaren, Foru Funtsaren eta Gizarteratzeko Errentako Etxebizitzen bitartez.

Halaber, helburuan artean finkatu du gutxienez alokairu sozialeko 755 etxebizitza sustatzea, salmentarako 1.100 etxebizitza babestu eta 140 etxebizitza beste formula berritzaile batzuen bitartez; hala nola, erabilera lagatzeko kooperatibak, cohousing deritzona, beheko solairuak etxebizitza bihurtzea, etab.

Zaharberritzeari dagokionez, Planak 22.300 etxebizitza zaharberritzeko helburua du 4 urteko epealdi honetan laguntza publikoaren bitartez. Gainera, 10.000 etxebizitzei irisgarritasun unibertsala ematea zein 5.020tan inguratzaile termikoak jartzea aurreikusten da.

2028ra begira, helburu nagusia, 10.000 etxebizitzatako bizitoki-parkea errentamendu merke eta babestuan izatea da helburua, etxebizitza alokatzearen kostua goitik behera murriztuz gazteentzat, guztizko bizitoki-parkearen % 75 irisgarria eginez eta etxebizitza-politiketara bideratutako aurrekontu-baliabideak pixkanaka-pixkanaka gehituz.

Laparra lehendakariordea “pozik” agertu da “azterketa eta elaborazio prozesu luzearen ondoren taxututako Planarekin. Etxebizitza duinerako eskubidea eta sarbidea Ongizate Estatuaren oinarritzat kokatu behar ditugu, etxebizitza giltzarrizkoa baita familien bizimoduaren erabateko garapenerako. Duintasunezko etxebizitzarik gabe, gainerako eskubide sozialak eta herritarren eskubideak hutsaren hurrengo dira. Noski, oinarri horrek baliabideen munta handiko inbertsioa eskatzen du.” Etxebizitzaren arloko politiken ikuspegi berriari buruz, argi utzi du “nahitaezkoa dela etxebizitza politiketan ere pertsonak ardatz izatea, hots, politika horiek herritar guztiengana heltzea bakoitzaren behar eta gaitasunen arabera”. Halaber, Miguel Laparrak adierazi du “ingurumenaren ikuspegitik iraunkorra izanen den moduan egin behar dugula, Nafarroako lurralde osoa kohesionatzeko, landa-eremuen despopulazioa ahal den neurrian saihetsiz.”

Parte-hartze bidezko elaborazioa

Etxebizitza Planak hamar urteko epealdia (2018-2028) barne hartu du, bereziki etorkizuneko beharrak kalkulatzeko eta horren arabera taxuturiko politiken orientazio orokorra finkatzeko. Baina horrez gain, plan irekia da, gauzatze aldian berrikusi eta doitzen ahal dena. Egungo egoeraren diagnosia abiapuntutzat eta gogoeta eta parte-hartze prozesua oinarritzat hartuta, epe ertainean eta luzean lortu beharreko helburuak zehaztu ditu.

Etxebizitza Planaren elaborazioari eutsi dion parte-hartze bidezko metodologian, garrantzi berezia eman zaio Nafarroako etxebizitza arloko arduradun eta eragile nagusien nahiz herritarren iritzia eta balorazioa jasotzeari. Ildo horretan, koordinazio bilerez gain, elkarrizketa pertsonalak egin dira etxebizitzaren arloko giltzarrizko eragile publiko eta pribatuekin. Horrekin batera, parte-hartze bidezko saioak antolatu dira administrazio publikoaren zein focus group tematikoen (eraikuntza, zaharberritzea eta sektore soziala) ordezkariekin. Parte-hartze bidezko saio hauek Nafarroako etxebizitza-sistemari buruzko gogoeta erraztu dute, ekimen pribatuaren nahiz ekimen sozialaren ikuspegitik.

Halaber, talde dinamikak antolatu dira etxebizitzaren arloan zailtasun bereziak dituzten kolektiboekin (gizarteratzeko eta egoitzarako zailtasunak dituzten pertsonak eta gazteak), kolektibo hauek etxebizitzaren arloan dituzten arazo espezifikoak aztertuz.

Foru Komunitatean garatu beharreko etxebizitzaren arloko jardunbide publikoak planifikatu, sistematizatu eta antolatzea da Nafarroako 2018-2028ko Etxebizitza Planaren eginkizuna, etxebizitzarako eskubidea bermatzeko xedez.

6 helburu estrategiko

Etxebizitza Plan berriak 6 helburu estrategiko, 32 jarduera-ildo eta datozen urteotan garatu beharreko 139 ekintza zehatz ditu.

Hauexek dira 6 helburu estrategikoak: behar adinako etxebizitza-parkea, eskuratzeko moduko etxebizitza-parkea, etxebizitza-parke habitagarri eta irisgarria, Nafarroako etxebizitza babestuaren kudeaketa hobetzea eta egun dauden baliabideak optimizatzea, etxebizitzaren funtzio soziala bermatzea, eta y evaluación de las políticas en materia de etxebizitzaren arloko politikak ebaluatzea (koordinazioa eta sareko lana).

Helburu hauen bitartez, Nafarroak behar adinako etxebizitza-eskaintza eskuragarri, habitagarri eta irisgarria izatea lortu nahi da, Foru Komunitateko biztanleei etxebizitzarako eskubidea bermatuz eta etxebizitzaren funtzio soziala zainduz, politiken nahiz erabilgarri dauden baliabideen kudeaketa eraginkorraren bitartez, betiere ebaluazioan eta eragile desberdinekiko koordinazioan oinarrituta.

Lehendabiziko hiru helburuen bitartez, kopuruetan behar adinakoa izanen den etxebizitza-parkea lortu nahi da, Nafarroan bizi diren pertsonek erosteko modukoa eta baldintza egokietan dagoena (etxebizitzetarako irisgarritasunari arreta berezia emanez gero eta biztanleria zahartuagoa dagoen egungo testuinguruan, baita energia-eraginkortasunari ere, Europako ingurumen politikei jarraiki).

Helburu horiek lortzeko aurreikusi diren jarduera-ildoen artean, honako hauek nabarmentzen ahal dira: alokatzeko etxebizitza babestua sustatu eta alokairu libreak pizgarriak finkatzea; erosteko etxebizitza babestua sustatzea horretarako eskaria dagoen eremu geografiko eta sozialetan (etxebizitza merkea egoera ekonomiko estua baina egonkorra dutenentzat); etxebizitza babestua eraikitzeko zoruaren plangintza eta hornidura; zaharberritzetarako laguntza-sistema berrikustea, irisgarritasunerako nahiz energia-eraginkortasunerako laguntzak lehenetsiz; eraikinen ebaluazio-txostenak egiten laguntzea (nahitaez egin behar duten eraikinei jakinaraziz eta txostena egiteko nahiz horri atxikitako nahitaezko lanetarako finantzaketa-ildoa eskainiz); zaharberritze-programa espezifikoa sortzea horren aldeko eskaria duten Iruñerritik kanpoko eremuetarako; babestutako etxebizitza-parkea zaharberritzea; eta Nafarroan irisgarritasun unibertsala sustatzen laguntzea.

Aldiz, beste hiru helburuen bitartez, kudeaketa eta prozedurak hobetu nahi dira, baita politiken ebaluazioa eta koordinazioa ere, betiere etxebizitzak gizartearen oinarrizko eta giltzarrizko ekipamendu gisa duen funtzio soziala sustatuz eta nabarmenduz eta bizitokia izateko erabili behar dela azpimarratuz,.

Jarduera-ildoen artean, honako hauek nabarmentzen ahal dira: etxebizitza hutsa mobilizatu eta errentan jartzea lokalizazio dibertsifikatua erraztuz; lurralde mailako deszentralizaziorantz aurrera agitea Iruñerritik kanpoko kudeaketa hobetuz (informazioa, eskariaren erregistroa eta adjudikazioa); Alokatzeko Etxebizitza Poltsaren egungo parkea handitzea, eta etxebizitza babestuaren adjudikazioa lortu eta arazo konplexuak dituzten herritarrei zuzendutako laguntza integrala bermatzea.

Berritasun nagusiak

Etxebizitzarako sarbidea eskubide subjektibotzat jotzea da Planean jasotako berritasun nagusia, eta ondorioz, edozein herritarrek hori betetzeko eskatzen ahal du. Eskubide subjektibo horrek bi ildo nagusi ditu: bata, gazteen (30 urte arte) emantzipazioa erraztea xede duena, eta bestea, diru-sarrera txikiak dituzten familiei dagokiena (diru-sarreren maila jakin batetik aurrera). Emateko edo esleitzeko etxebizitzarik ez egotekotan, zerga-kenkari gisa antolatutako prestazio ekonomikoa ematea aurreikusi da.

Gainera, Planak ez du baztertu Administrazioak alokatzeko merkatuan esku-hartzeko aukera, baldin eta merkatu horrek biztanleriaren zati garrantzitsu bati duintasunezko etxebizitzako sarbidea erraztu edo eskaintzen ez badie.

Beste jarduera-ildo berritzaile bat, etxebizitzaren funtzio sozialari loturikoa, etxebizitza baten titularra izateak dakartzan betebeharrez kontzientziaraztea da (mantenimendua, irisgarritasuna, energia-eraginkortasuna, okupazioa). Etxebizitza funtsezko baliabide soziala da, eta baliabide horren titularrak dagozkien erantzukizunak ezagutu behar dituzte.

Bestalde, etxebizitzaren arloko berrikuntzaren aldeko apustuari eutsi zaio askotariko formulen bitartez, bai sarbidean (erabiltzeko uztea, housing first deritzona), bai ordainketan (denbora-bankuak, mikrokredituak), zein eraikitzeko tekniketan (BIM-LEAN), informazio-sistemetan (etxebizitzen erregistroa) edo finantzaketan (zaharberritzeak sustatzeko izaera publikoko laguntza-tresna finantzarioa). Planak beharrezkotzat jo du sektorean digitalizazio eta industrializazioaren aldeko politikak erraztu eta inplementatzea, eraikuntzaren kostuak murrizteko eta herritarrei duintasunezko etxebizitza merkeagoak eskaini ahal izateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!