28.000 erabiltzailerentzat eginen du Elikagaien Bankuak bilketa handia

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 8a, 07:51

Maiatzaren 31tik ekainaren 1era eginen dute elikagaien bilketa erraldoia. 237 saltokitan egin ahal izanen da dohaintza: olioa, gailetak, esnea, lekaleak, kakaoa, arroza, zerealak, pasta, haragi eta arrain kontserbak. Horrez gain, saltoki batzuek bonoak jarriko dituzte salgai. 

Udaberrian egiten du urtero Elikagaien Bankuak bilketa erraldoia. Aurten ere maiatzaren 31tik ekainaren 1era eginen du 237 saltokiren bidez. Jatekoa biltzea da asmoa gero 28.000 herritarrei eman ahal izateko. Horiek dira Elikagaien Bankuaren bidez jakiak jasotzen dituzten herritarrak. Behera egin du kopuruak azken urteotan. Kontuan hartu behar da krisiak gogorren kolpatu zuen urteetan 39.000 bizilagun zirela laguntza eske joaten zirenak. Beharrak antzerakoak izaten dira urtero eta oraingoan ere hauexek dira dohaintzan eman daitezkeenak: olioa, gailetak, esnea, lekaleak, kakaoa, arroza, zerealak, pasta, haragi eta arrain kontserbak. Baina elikagaiak emateaz gainera beste formula bat ere indartu nahi dute: bonoak erostearena. Saltoki zenbaitek, Eroskik, Caprabok eta BMk kasu, bonoak jarriko dituzte salgai herritarrek nahi duten diruaren truke eros ditzaten. Diru hori Elikagaien Bankuak kudeatuko du urtean zehar behar dituen elikagaiak erosi ahal izateko. Bono horien truke bidreratzen den diruak gainera desgrabatu eginen du errentaren aitorpenean. Horretarako Elikagaien Bankuarekin jarri behar da harremanetan. 

3.000 boluntariotik gora behar dituzte

Elikagaiak biltzea da asmoa eta horretarako boluntarioak behar dira. "2.700 boluntario inguru behar ditugu 237 saltokietan aritzeko eta beste 500 inguru ondorengo lana egiteko, elikagaiak sailkatu eta biltegian gordetzeko", azaldu dute. Izen eman daiteke jada bancodealimentosnavarra.org webgunearen bidez; 636693617 telefono zenbakian edota posta bidez mezua bidalita granrecogidaban@gmail.com helbidean. 

Badira irurzurgileak ere tartean

39.000 erabiltzaile izan ditu Elikagaien Bankuak urterik gogorrenetan. Egun, 28.000 dira. Eta tartean aurkitu dituzte iruzurgileak ere. Elikagaiak zegozkiena baino gehiagotan jasotzen zituztenak, bikoiztuta adibidez. Horiek ekiditeko lana ere egiten dute entitatean eta 3.000 lagun aurkitu dituzte Erriberan halako iruzurretan. Egun, zerrenda bat dute eta Gizarte Zerbitzuek aholkatuta joaten dira janari esker erabiltzaileen %60. 

2018an 3.748 tona elikagai banatu zituen Elikagaien Bankuak, horietatik 2.673 tonak zaborretan amaituko lukete. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!