Memoria Historikoaren sei leku, izendatuak

Euskalerria Irratia 2019ko api. 26a, 14:04

Nafarroako Memoria Historikoaren Lekuen Erroldan ondorengoak egonen dira: Sartagudako Memoria Parkea, Otsoportilloko leizea, Olabeko Hobia, Igari eta Bidankoze arteko errepidean dagoen Memoriala, Erreniegako hobien memoriala eta errepresioa jasan zuen Azkoiengo emakumea gogoratzeko eskultura.

Memoria Historikoa Duten Tokiak. Izendapen horrekin erregistratu berri ditu Gobernuak sei leku. Toki horiek bereziki babestu, mantendu eta sustatzeko asmoa du gobernuak. 

Sei toki horiek erregistratuak daude eta bidean beste zazpi ere prestatzen ari dira. Monrealeko Tejeria Hobia, Kadreitako Valcardera Hobia, Ezkabako Ihesaldiko GR225a, Iberoko Hiru Gurutzeen Gaineko Hobia, Etxauriko Memoriaren Parkea, Berako Argaitzeko Harrobia eta German Rodrigezen oroitzapeneko eskultura. Garrantzitsua da Memoria Historikoa Duten Tokien izendapena, atzera begiratu eta gertatu zena gogoratzeko, egungo herritarrei trasmititzeko eta gizarte baketsu bat sortzeko.

Gazteekin eta ikasleekin ari dira dagoeneko lanketa hori egiten Memoria Duten Eskolak izeneko egitasmoaren bidez. Bi mila ikasle baino gehiago dira toki horiek bertatik bertara ezagutu dutenak eta garai batean errepresioko lekuak memoriarako eta oroitzapenerako toki bilakatzeko lan egin dute. Sartagudako Memoriaren Parkea da izendatuetako bat. Duela gutxi 350 gazte izan ziren bertan. Tokia ezagutu eta biktimen senitartekoekin topaketa batean parte hartzeko aukera izan zuten. 

Bertatik bertara gertaerak ezagututa eta musika, artea edota kulturaren bidez jasotzea da Memoria Historikoa eraikitzeko bideetako bat. Nafarroako Gobernuak abian duen programen bidez memoria bizi mantendu nahi du. Bide batez, pauso hauekin, legea bete eta bake eta bizikidetza lortzeko lan egiten ari da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!