Lan istripuen joera azken sei urteotan goranzkoa dela ohartarazi du ELA sindikatuak

Euskalerria Irratia 2019ko api. 23a, 14:05

Eraikuntza lanetan behargin bat. Arg: abogadosindemnizacion

ELA sindikatuen datuen arabera, iaz, 21 hildako izan ziren lan-istripuen erruz, alegia, 2017an baino %20 gehiago eta azken sei urteetako biktima kopururik handiena da.

ELAk 2018ko Laneko ezbeharren Txostena aurkeztu du. Hego Euskal Herrian lanpostuan gertatutako heriotzak aurreko urtearekiko %20 gehitu dira, hala ere, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dituzte ELAk iaz lan-istripuak murrizteko egindako eskaera bat bera ere onartu, bereziki ikuskaritzako langileen kopuruari dagokiona.

Lanpostuan gertatutako heriotzak aurreko urtearekiko %20 gehitu dira; kopurua eskandaluzkoa da. Halaber, Europako Lan-Segurtasun eta -Osasunaren Agentziak egindako kalkuluen arabera, gaixotasun profesionalak istripuz hildakoak baino 35 bider gehiago dira; beraz, zenbaki ikaragarria da emaitza: 2.300 hildako lanak eragin ditu.

Osalanek eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak kopuru horiek ezkutatu egiten dituzte; esaten dute laneko istripuz 47 pertsona besterik ez direla hil, eta gaixotasun profesionalen ondorioz zendutakoak ez dituzte aipatzen. Organismo ofizialek behartuta sentitzen dira erakustera lan osasunean zerbait egiten dutela, baina bitartean enpresen erabateko utzikeria zuritu egiten dute. Laneko istripuen herena kontratuaren lehen hilean gertatzen da. Lana galtzeko beldurrak antsietatea eta presaka lan egitea eragiten du, eta hori bateraezina da hartu beharreko prebentzio neurriekin. Lanean gertatutako ezbeharren biktimak gehitu ahala, patronalak langileei konpromiso handiagoa eskatzen die; alabaina, pairatzen ditugun prekarietate tasen ondorioz horren ondorioa langilearen azpiratzea eta istripuak dira.

ELAren ustez ezin da onartu hauteskunde kanpainaren ardatz bihurtzea autobide baten eskualdatzea, eta aldiz Lan Ikuskaritzaren eskuduntza nola jaso zen eztabaidagai ez izatea. Kontua da ezin dela Nafarroan erabaki beharrezko ikuskari kopurua; ondorioz, ikuskaritza lantaldea Europar Batasuneko batez besteko maila baino 2,5 bider txikiagoa da. Ikuskaritza egiteko bitarteko nahikorik eta enpresak zigortzeko modurik gabe, aurrerantzean ere enpresek prebentzio arauak nahieran aplikatuko dituzte: horrek ematen du gure erakunde eta alderdiek lan osasunarekiko duten kezkaren benetako neurria.

ELAk berriro igorriko dio Nafarroako Gobernuari dekalogo bat, zeinak lan istripu eta gaixotasun kopurua zeharo murriztuko lukeen. Politika irmoa behar da horretarako, eta patronalarekiko jarrera gozoa amaitzea, prekarietatea hedatzea erabaki duelarik. Izan ere, prekarietateak hil egiten baitu.                                                                 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!