Goi Tentsioko Linearentzat hirugarren proiektua aurkeztu du Red Electrica Españak

Euskalerria Irratia 2019ko api. 10a, 14:05

Autopista Elektrikorik Ez plataforma eta zenbait udal eta kontzejuetako ordezkariak. Arg:@IonOrzaiz

Lau aukera ditu hirugarren aldiz REEk proposatu duen proiektu berriak. 400kVko linea ezartzeko plana da "aitzakiatzat jarrita Nafarroak energia berriztagarri gehiegi sortzen duela eta EAEra bideratzeko tentsio handiko linea ezarri behar dela". 

Autopista Elektrikorik Ez plataformak jakinarazi du Nafarroako eta Gipuzkoako 49 udaletara iritsi dela Itsaso-Castejon/Muruarte zeharkatuko lukeen goi tentsioko linearen proiektua. Hirugarren egitasmoa litzateke, aurreko biak atzera botarazi ondoren.

Oraingo honek berrikuntzak jaso ditu:

  • Alde batetik, orain arte barnebiltzen zuen Deikazteluko azpiestaziorik ez duela proiektu honek jasotzen.
  • Eta horrez gain, lau aukera jartzen ditu Red Electrica de Españak:
  • Lau aukeretan legoke 400 kiloboltioko linea berria eraikitzea.
  • Horrez gain, lehenengo aukeran,  egun Itsaso eta Orkoien lotzen dituen 220 kilo voltioetako sareetako bat, Basaburua eta Leitzatik doanari potentzia handiagotzea litzateke proposamena eta beste linea desegitea.
  • Beste aukera bat litzateke Itsaso eta Orkoien lotzen dituen 220 kilo boltioetako sareetako bestea desegitea, alegia Basaburua eta Leitzakoa, eta aldiz, Sakanakoari potentzia handiagotzea.
  • Edota azkenik, bi aukera horietan zatikako desegiteak egitea.

Aurrekoetan bezala oraingoan ere ez ditu Red Electrica de Españak kontuan hartu paisaian eraginen lukeen inpaktua, ez eta sozioekonomikoa, kulturala edota ingurumenekoa ere.

Ez dituzte kontuan hartu adibidez, Oltza Zendean zenbait hegazti babestuta daudela, edota Garesen, turismoari zer nolako eragina eginen liokeen linea bat ezartzeak, kontuan hartuta adibidez Donejakue Bidea pasatzen dela bertatik.

Bi adibide baino ez dira, baina, udal eta kontzeju ugari batuta daude goi tentsioko lineari aurre egiteko. Apirilaren 27an ekitaldi bateratuan irakurriko dute dokumentu bateratu bat hirugarren proiektu hori erantzun asmoz.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!