Nafarroako Gobernuak 178,7 milioi euro berreskuratu zituen iaz iruzur fiskalaren aurkako borrokan, 2017an baino %11,6 gehiago

Euskalerria Irratia 2019ko api. 8a, 19:15

Iruzur fiskalaren aurkako batzordearen bilera.

Berreskuratutako zenbatekoa 2018an bilketa likidoaren %7,3 da, 2016an %6koa izan zen bilketa likidoa osotasunean, eta Nafarroako Zerga Ogasunak egindako 117.235 ekintzetan lortu zen.

Nafarroako Zerga Ogasunak 2018an 178.690.098 euro berreskuratu zituen, urteko bilketa likidoaren %7,3 iruzur fiskalaren aurka egindako ekintzen bitartez.

Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilari Mikel Aranburuk datu hori aurreratu du, eta “oso garrantzitsua” dela esan du, 2017an berreskuratutakoa baino %11,6 gehiago berreskuratu delako (urte horretan, iruzur fiskalaren aurkako borrokan 160 milioi euro lortu zituen); halaber, 2016ko diru-bilketa likido osoa baino portzentaje handiagoa da (orduan %6,0koa izan zen). 2018an emaitza horiek lortzeko burututako jarduera-kopuruari dagokionean, 117.235 jarduera egin ziren; hots, aurreko urtean baino %12,4 gehiago.

Horrela jasota geratu da Zerga Kontrolerako 2018ko Planeko emaitzetan; Nafarroako Zerga Ogasunak (NZO) datu horiek gaur, astelehena, eman dizkie ezagutzera Iruzur Fiskalaren eta Ezkutuko Ekonomiaren aurka Borrokatzeko Batzordeko kideei.

Zehazki, kontrolerako jardueren zuzeneko emaitzetan jasotzen dira, Ikuskaritza aktetan bildutakoak, Kudeaketa-likidazioak, premiamendu-errekarguak eta Diru-bilketaren geroratze-interesak eta Administrazioak eskatu ondoren aurkeztutako aitorpenak. Emaitza horien zenbatekoa 120,44 milioi eurokoa izan zen 2018. urtean, 2017ko jardueren zuzeneko emaitzekin alderatuta, 13 milioi euroko igoera absolutua eta %12ko igoera.

Kontrolerako jardueretatik induzitutako emaitzei dagokienean, epez kanpo aurkeztutako aitorpenak dira, Nafarroako Zerga Ogasunaren jarduerak medio, eskaera batean ez formalizatuak, baizik eta zergadun beraren gainean beste denboraldi batzuetan egindako egiaztapenetatik ateratakoak izan daitezke edota antzeko ezaugarriak dituzten beste zergadun batzuetan egindako egiaztapenetakoak. Emaitza horiek 31,1 milioi eurokoak izan ziren 2018an; hots, 2017ko jardueretatik induzitutako emaitzekin alderatuta, 0,6 milioi euro gutxiago (-%1,8).

Hiru arlo zerga-iruzurraren aurkako borrokan

Aldi berean, aipatu kopuruak hiru arlo bereiztuetan bana daitezke, NZOk hiru arlo horietan egiten baitu zerga-iruzurraren aurkako borroka: kudeaketa, ikuskaritza eta diru-bilketa.

Kudeaketa-arloa arduratzen da zerga ezberdinen aitorpenak berrikusteko lan arruta egiteaz, eta diru gehien berreskuratu zuena izan zen; zehazki, 88.960.501 euro, 58.021 likidazio berrikusita. Horri induzitutako sarrerak kentzen bazaizkio (23,2 milioi 14.987 likidazio bidez), zenbatekoa guztira 65,77 milioikoa da. Zenbateko horren zati handiena BEZ aitorpenak berrikusi ondoren berreskuratu da (16,8 milioi euro), nahiz eta aipatzekoak izan Sozietateen gaineko Zerga (10,3 milioi), errekerimenduak (9,6 milioi), PFEZ (5,8 milioi) eta zehapenak (6,3 milioi). Berreskuratutako gainerako zenbatekoa garaiz kanpoko aitorpenen errekarguetatik (3,8 milioi) eta gainerako zergetatik (12,99 milioi) lortu da.

Ikuskaritza-arloa iruzur posibleak ikertzen aritzen da, eta guztira 938 jarduera egin eta horien bitartez 53.993.459 euro berreskuratu ditu.

Azkenik, Diru-bilketaren arloa Ogasunarekiko zorrak premiamendu bidez kobratzen aritzen da, eta horren bitartez 58.261 jakinarazpen bidali dira, guztira 8.582.000 sortzapen-euro batzen dituztenak premiamendu-errekargu eta geroratze-interesen artean.

Jarduera-sektoreei dagokienean, Ikuskaritzak Internet eta sare sozialak hartu ditu ezkutuko ekonomiaren arlo berri bezala. Halaber, badira kontrol espezifikoa egin ohi zaien arloak ere: epe labur eta luzerako alokairuak, ibilgailuen salerosketa, higiezinen transmisioak, zuzenbideko eta osasuneko profesionalak eta nekazaritza eta ostalaritzakoak, moduluka lan egiten dutenak.

Zerga-kontrol hau eraginkorragoa da administrazio ezberdinetatik eratorritako datuak gurutzatzeari esker. Nafarroako Ogasunak informazioa trukatzeko hitzarmenak eginda ditu Estatuko ogasun guztiekin eta beste erakunde publiko eta pribatuekin.

Eta kobratzeari dagokionean, Diru-bilketak neurriak hobetu ditu sortutako zorrak modu eraginkorrean berreskuratzeko. Zordunen ondare-egoera zein den hobeto jakiteaz gain, zatikatzeak arindu ditu, ekoizpen-jardueraren jarraipenari lehentasuna emanaz.

Bilketa-faseari erreparatuta, Ogasunak funtsezkotzat jotzen du, horren baitan baitago ikerketa-fasean agertutako zorrak kobratzea. 2018. urtean, kudeaketako programa informatikoak hobetuko dira, eta ordainketa zatikatzeko prozesuak bizkortzen jarraituko da. Sistema berrien bitartez eta beste administrazioekin batera lan eginda informazio-emaria gehituta, arlo hau hobetzea espero da, arreta berezia jarriaz konplexutasun eta larritasun handieneko kasuetan.

Iruzurraren aurka borrokatzeko abian jarritako neurriak

NZOk Legegintzaldian zehar arlo eta zerga ezberdinetan abian jarritako neurrien berri eman die Batzordeko kideei.

Modu horretan, Zergen inguruko Foru Lege Orokorrean ezarritakoak adierazi dituzte; besteak beste, egiaztatzeko eta ikertzeko eskubidea ez preskribatzea, zordunen zerrenda argitaratzea (zenbatekoa 250.000 eta 120.000 euro artean mugatuta), zenbait arau-hauste larrirako zehapen berriak ezartzea edota goiz ordaintzeagatik murrizketa egitea beste zehapen mota batzuetan, delitu fiskalerako prozedura berria ikuskaritza-arloan, betebehar berriak nazioarteko informazioa trukatzerakoan edota erantzukizun subsidiarioko kasu berriak.

Sozietateen gaineko Zergari dagokionean: SICAVek tasa orokorrean zergak ordaintzea (%1etik %28ra zergak ordainduaz), mugak gastuen eta BINen dedukzioan, herrialdez herrialde informazioa emateko betebeharra, edota Enpresak Sustatzeko Sozietateen erregimen berezia kentzea.

Oro har, IS eta PFEZri dagokienean: mugak ezarri zaizkie gastuen eta atxikipenen dedukzio jakin batzuei, eta nazioarteko gardentasun fiskalaren erregimena aldatu da, tributazio baxuko jurisdikzioetara ondasunak ez eramatearren.

BEZari dagokionean, Berehalako Informazio Hornidura, BIH, ezarri da. Erregistro-liburuak kudeatzeko sistema elektronikoa da, enpresek denbora errealean Ogasunari jakinarazteko fakturen emisioa edo harrera, zergaren kudeaketa erraztearekin batera.

Horrez gain, Ondarearen gaineko zergan, bizitza-aseguruetarako zerga ordaindu beharra ezarri da beste pertsona bat izendatzen bada onuradun ezeztaezina bezala; Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko zergan, berriz, saihestearen aurkako arau berriak ezarri dira; PFEZan, TAX EXIT bat jarri da diru-bilketa murrizketa saihesteko; eta Toki Ogasunen inguruko Foru Legean, azkenik, Udalei eman zaie JEZ ikuskatzeko eskumena NZOrekin batera.

Arau-mailako berrikuntza horiez gain, beste zenbait neurri hartu dira Nafarroako Zerga Ogasunaren kudeaketa hobetzeko. Esate baterako, 2015. urteaz geroztik, Nafarroak presentzia egonkorra du ECOFINeko (Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza Gaietako Kontseilua) lan-taldeetan; horietan Foru Komunitatearentzat garrantzitsuak diren gai ekonomikoak eta fiskalak eztabaidatzen dira. Halaber, NZOk bat egin du Ticket SI-BAI proiektuarekin, kontabilitate bikoitzeko softwarearen iruzurrezko erabilera saihestearren.

Azkenik, Nafarroako Ogasunak bere egitura indartu egin du, teknikari eta kudeatzaileentzat 22 plaza berriren deialdia egin baitu, eta, hautapen-prozesuaren ondoren, jada lanean dira erakunde autonomoan.

Ezkutuko ekonomiari buruzko azterketari dagokionean, hutsik geratutako bi lizitazio argitaratu eta gero, azkenik NUPen eskaintza bakarra aurkeztu zen, eta horren kontratua 2018ko urriaren 10ean egin zen, 9 hilabeteko gauzatze-epearekin. Beraz, azterketa amaitzeko epea datorren uztailean amaitzen da. Azterketaren aurrekontua 25.000 € gehi BEZa da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!