Herritarrekiko eta Erakundeekiko kontseilariak, Ana Ollok defendatu du Berdintasun Lege berria. Aitzindaria izanen da. Orain arte 2002. urtekoa zen abian eta dagoeneko hutsune eta gabezia ugari zituen. Emakumeen ahalduntzea erdigunean jartzen duen legea izanen da, esparru lokaletik ekinen diona, eraldatzailea izanen da eta hori guztia, mugimendu feministekin, emakumeen elkarteekin eta oro har berdintasunaren bidean lan egin dutenen babesa izanen du. Bost ideia nagusi ditu legeak: transbertsalitatea, ahalduntzea, parte hartzea, bizitzaren jasangarritasuna eta jakintza.
Momenturik aproposenean dator legea, noiz eta, ultraeskuina arriskuan jartzen ari denean emakumeen eskubideak eta zapalkuntzarako bidea hartzen ari denean. Horixe nabarmendu dute legea babestu duten bost alderdiek ere: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, PSN eta Ezkerra.
Arau esparrua ezartzen duelako kontent azaldu da Geroa Baiko Virginia Aleman. Benetako berdintasuna erdiesteko bidean eduki aurrerakoiak dituen araudia izanen da.
Gobernu batean berdintasun politikak non kokatu behar diren erabakitzean atzera pausoa sumatu du EH Bilduk, izan ere, azken unean erabaki da berdintasun politikak presidenteordearen departamentuan edo presidentziarenean kokatzea, eta ez, lehentasun postuan lehendakariarekin batera. Dena dela, Bakartxo Ruizek azpimarratu du jauzi kualitatiboa eman dela eta politika publiko guztietan garatuko dela. Estereotipo sexisten kontra egiteko hezkidetzaren beharra nabarmendu du eta Skolae-rengatik eginen dute kontra alderdi eskuindarrek.
Ahal Duguk eta Ezkerrak ere beharrezko jo dute lege berria oraindik ere emakumeen eta gizonen artean ez dagoelako berdintasunik. Gainera, kapitalismoa jo dute emakumeen eskubideak erdiesteko etsai nagusi.
Alderdi sozialistak oraingoan laukoaren bat egin du eta Berdintasun Legearen alde egin dute. Berdintasunean eraikitako gizartea sortzeko ezinbestekoa da oinarri sendoak ezartzea.
UPN eta PPk onartzekoa ez den legea prestatzea leporatu diete gainerakoei. Bi arrazoi nagusi eman dituzte: berdintasunarekin ahoa bete zaie baina Nafarroako emakumeei huts egin diete, zehazki, Nafarroako ama izandakoei ez dietelako Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga itzuliko. Bigarren arrazoia, Skolae, hezkidetza proiektua izan da.
Emakumeen eskubideen alde eta gizonek dituzten aukera berdintasunaren aldeko legea erdietsi dute gaur parlamentuan.