Lanak banatzearen aldeko jarrera ez da bakarrik alor ekonomikotik begiratutako onura izanen, baizik, gizarteratzeko ahalmena izanen lukeen ekimena ere izanen litzateke. Halakoa da Banatu Taldearen filosofia. Baliabide ekonomikoak eskuratzeko gaitasuna ematen du lanpostu batek, baina ez hori bakarrik, gizartearen parte sentitzeko gaitasuna ere baduelako. Lehentasunezkoa izan beharko litzateke Nafarroan dagoen langabeziari irtenbide ematea baina halakorik ez dute egin aldaketaren lau indarrek: "Galdutako lau urte izan dira aldaketaren gobernuak ez diolako inolako irtenbiderik eman lan merkatuan bizi den egoerari", nabarmendu dute. Egiturazko arazo baten aurrean izanda irtenbideak bilatzea ezinbestekoa dela uste dute.
Banatu Taldeak eskaerak egiteaz haratago proposamenak ere jarri ditu mahai gainean lau urteotan eta ekimenak ere eraman dituzte aurrera. Proposamen zehatzak planteatu dituzte: Administrazio Publikoetarako Lan Banaketaren Lege proposamena eraman zuten parlamentuko lan saio batera, baina bere horretan geratu zen. Proposatutako neurrien artean, hauexek batzuk: astean lau eguneko lan-jarduna izatea pertsona bakoitzak edota murrizketa balikidea. Neurri horiek hartu izan balira baliagarriak lirateke lanpostu berriak sortu eta jende gehiagori aukera emateko baliabide ekonomikoak izan eta gizarteratzea ahalbidetzeko.
Banatu Taldeak planteatzen dituen neurri sortak ez luke inbertsio ekonomiko gehiegizkorik behar euren ustez: enplegua sustatzeko hartzen diren neurriek baino kostu txikiagoa lukete planteatutakoek eta hortaz bideragarriak eta posibleak direla uste dute.