Trenaren aldeko eta AHTaren aurkako mobilizazioa iragarri dute larunbaterako. Martxan kultur talde desberdinen parte-hartzea izanen da, ibilbidea animatzen ariko direnak: fanfarrea, pertsonai mitologikoak, zanpantzarrak, erraldoi eta buruhandiak, batukada... Asmoa da ibilbide guztian zehar "poza adieraztea, poza gero eta ahots gehiago entzuten baititugu AHT-a gelditzeko eskatzen dutenak, kolektibo sozial, politiko nahiz sindikalen ahotsak, lurraldearen errealitate sozial eta ekonomikoa aztertzen duten organismo ofizial askorengandik babestuak direnak", nabarmendu dute antolatzaileek: Nafarroako Kontuen Ganbera, Europako Kontu Auzitegia, FEDEA fundazioa, ikertzaile eta unibertsitateetako adituak, ...
"Izan ere, orain dela gutxi Bruselan Europar Parlamentuari egindako bisitan ikusi ahal izan genuen bezala, Europar Komisioa bera ere kritikak egiten hasi zaizkio abiadura handiko lineei, dituzten kostu altuengatik, aurreikusitakoak baino abiadura baxuagoengatik, konexio gabeko tramuengatik, etab. Hau guztia jasotzen du Europako Kontuen Auzitegiak egindako txostenean, non Estatu Espainiarrean abiadura handiko linea hauek inolako bideragarritasun ekonomiko eta sozialaren azterketak egin gabe eraikitzea salatzen den, baita hauek sortu duten gehiegizko gastu ekonomikoa ere. Horrela, organismo honek irmoki gomendatzen du ferrokarril sarea jada existitzen diren azpiegiturak aprobetxatuz eta linea tradizionalak berrituz egituratu dadin, eta ez linea berriak eraikitzen".
Hauxe da antolatzaileek nabarmendu dutena agerraldian:
Orain dela gutxi, Europako Garraio Komisioaren batzar batean parte hartu ahal izan genuen eta bertan esandakoen artean, hurrengo hau azpimarratu nahi dugu:
-
Gure lurraldean proiektatutako abiadura handiko trenak bidaiariak baino ez ditu eramango, merkantziak betiko trenean eramango direlarik, inolako hobekuntzarik egin gabe.
-
Europar Batasunak orain arte AHT-a eraikitzeko ematen zituen diru-laguntzak moztuko ditu, gastu publikoan suposatzen ari den gehiegikeriagatik.
-
Azkenik, baita ere onartu ziguten AHT-a eraikitzearen erabakian kontuan hartutako errentagarritasun txostenak ezin direla publiko egin. Beraz, horrek konfirmatzen digu txosten horietako datuak goraka manipulatuak daudela, gure lurraldeetan AHT-ak ez baititu bidaiari nahikorik eramango bere errentagarritasuna bermatzeko.
Izan ere, hau guztia kontutan hartuta, ulertzekoa da beste herrialde europar batzuetan, hala nola, Suedia, Erresuma Batua, Finlandia, Norvegia, Portugal edo Irlanda, abiadura handiko kilometrorik ez edukitzea, eta badauzkaten horietan aspaldi erabaki zuten gehiagorik ez eraikitzea, Frantzia edo Alemania kasu. Bitartean, Estatu Espainiarra da herritar bakoitzeko abiadura handiko kilometro gehien dituen estatua eta proportzioan gutxien erabiltzen dena. Abiadura handian desplazamenduen %8-a baino egiten ez diren arren, askoz inbertsio gehiago egiten dira betiko trenarekin konparatuz, azken hau egoera penagarrian dagoelarik kasu askotan.
Orain dela urte bat, Sustapen Ministerioak Sakana zeharkatuko duen Abiadura Handiko Trenaren ibilbide berriaren proposamenaren erakusketa publikoa egin zuen. Testuinguru honen ondorioz, geroz eta sektore gehiago AHTaren garapenaren aurka ageri dira.
Abiadura Handiko proiektu hauek ez dute inolako onurarik gure bailararentzat, ez ekonomikoki, ez sozialki, ezta ingurumen arloari dagokionez ere.
Sustapen Ministerioak proiektuari buruz egindako ingurumen inpaktu ikerketaren arabera, bailara lurralde desegituratu bat bihurtuko da, ezponda handien, tunelen eta biaduktu izugarrien ondorioz. 150 futbol zelai baino gehiago bezalako zabortegiak sortuko dira, lanetan mugituko diren lurren ondorioz. Honekin batera, hormigoizkoak izango diren zoru zabal eta luzeak utziko ditu Beriainen magaletan, trenak bata besteari aurreratzeko eta gelditu ahal izateko. Ahaztu gabe, AHTak berezkoa duen bide bikoitza bailara osoa zeharkatuko duelarik (40m eta 150mko zabalera duelarik). Hau guztia gutxi izango balitz, bailaran zehar azpiestazio elektrikoak, elektrizitate linea berriak eta bestelako instalazio lagungarriak aurreikusten dira.
Azpiegitura guzti hauek faunan barrera efektu larria sortzen dute Urbasa-Andia eta Aralarko parke naturalen artean, baita nekazari zein abeltzain ustiapen lurretan, turismoan edota industrian.
Zentzugabeko tamaina herri, hiri eta industrialdeak konektatzeko mesede egiten ez duen proiektuarentzat, ez Sakanan ez inguruko eskualde eta hirietan. AHTaren proiektuak gizartearen mugikortasun beharren zati txiki bat bakarrik betetzen du, hiri handien arteko bidai luzeak egiteko, hain zuzen ere. Gainontzeko landa-gune, herri eta hiriek ez dute garraio sistema honekin konexiorik eta, kasu batzuetan, dituztenak galtzen dituzte. Izan ere, distantzia handiko zerbitzuek geltoki hauetan orain egiten dituzten geldialdiak galduko lirateke, Altsasuko tren geltokiarekin gertatuko litzatekeen bezala.
Gure bailararentzat, baita Nafarroa osoarentzat hondamendia izango denaren aurrean, gure eskaera eta proposatzen dugun alternatiba, gaur egun dugun trenaren hobekuntza eta mantentzea da. Herriak, hiriak eta industriak batuko dituena. Bai pertsonak, bai merkantziak garraiatuko dituena. Edozein pertsonarentzat eskuragarria dena eta baztertuta gelditzen diren zonalderik gabe.
Gaur egungo trenaren azpiegiturak berritzea eta modernizatzearen aldeko apustua egiten dugu, trenbidearen plataformak eman ahal duen guztia aprobetxatuz, burdinbide bikoitza eta zabalera internazionala duen hirugarren erraila erantsiz. Altsasu, Iruñea, Tafalla, Castejon eta Tuterako geltokiak indartuz.
Alternatiba honen kostua, abiadura handiko plataforma batena baino txikiagoa izango litzatekeela uste dugu. Proiektu jasangarrietara, inor baztertzen ez dutena eta gure ingurua errespetatzen duten proiektuetara bideratu beharko ditugu baliabideak. Gure bizi kalitatea eta etorkizuneko bizi kalitatea bermatuz.
Horrela, manifestazio honen gaia eta helburuarekin bat etorriz, hurrengo hau proposatzen dugu: AHTaren obrak eta tramitazioak gelditzea, aipatutako trenaren hobekuntza eta bestelako aukerak aztertu daitezela, orain arte egin ez den eta beharrezkoa den analisia eginez. Behin analisi hori egin eta gero, emaitzak biztanleentzako eskuragarri jarri daitezen, eta galdeketa publikora eraman dadin, bertan ateratako erabakia errespetatuz.
Hau da beraz manifestazio honen helburua, “Tren Soziala Bai. AHT Gelditu, Respetad la voluntad Popular” lelopean, hurrengo larunbatean, martxoak 30, arratsaldeko 18:00tan ospatuko dena, Suhiltzaileen ondoko parkingetik abiatuko gara eta Foru Plazan bukatuko dugu.