Anaitasunako finalerako prest dira zortzi bertsolariak

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 15a, 13:05

Finalera iritsi diren zortzi bertsolariak.

Bihar izanen da finala, 17:00etan. Oholtza gainean izanen diren finalistak hauek dira: Eneko Lazkoz, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Julio Soto, Julio Soto, Xabat Illarregi, Julen Zelaieta eta Xabi Maia. 

2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa iritsi da bere azken geltokira. Tuteratik Urdazubira, Iruritatik Lizarrara, Atarrabiatik Etxarri Aranatzera eta Lesakatik Iruñera, Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatu ditu 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bide bat bertsoarena, euskara Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroa honetan. Gure geografia anitzean barrena ibili ostean, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian itsasoratuko dira bide horretako urak, finalean. Martxoaren 23an jokatuko da, 17:00etan hasita.

30 bertsolarik eman zuten izena 44. Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta aurre-kanporaketak igarota, 24 izan ziren Tuteran hasitako ibilbidean. Final-laurdenen eta finalaurrekoen ostean, zortzi dira finalera iritsi direnak. Horiek izango dira txapelaren bila ariko direnak.

Urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren erreferentzia nagusietako bat bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Baina ez da bat-bateko lorea. Txapelketa urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu da, bertsolaritza transmititzeko alorrean egindako lan eskergaren ondorio zuzena. Arlo horretan, funtsezkoa da “Bertsolaritza Irakaskuntzan” programa, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Nafarroako Gobernuaren eta udal zein mankomunitateen laguntzarekin antolatzen duena, eta hezkuntza arautuko herrialde osoko 2.500 ikaslerengana iristen dena. Bertso Eskolen bitartez, bertsogintzan sakontzeko aukera izaten dute gazte eta helduek, herri eta auzo mailako guneetan. Aisialdiaren esparruak, eta eremu horretan egiten diren jarduera osagarriek, osatzen dute transmisioaren ildoa.

Txapelketa, beraz, bertsoa zaindu eta geroratzeko egiten den lan horren guztiaren alderdi ikusgarriena da, eta aldi berean, aukera ederra, Nafarroako bertsogintzaren eta euskararen aldeko lan horri bultzada emateko. Nafarroako bertsolariei ikusgarritasuna emanez, bertsogintza sustatu eta gizartean ezagutarazteko aukera emango duen egitasmoa da txapelketa. Gozatu eta gozarazteko unea da txapelketa. Eta horren adibide gorena, finala.

Finalean lanketa mardula izanen dute

Finalak bi atal izango ditu. Lehen atala zortzi bertsolariek jokatuko dute. Bigarren atalera, aldiz, lehen atalera puntuaziorik altuena lortzen dutenak pasako dira, eta haiek jokatuko dute buruz burukoa. Bi atalak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela. Lehen atala:

 Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
 Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
 Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian
 Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian
 Banaka, gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian Buruz burukoa:
 Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte
 Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean
 Kartzelako lana
 Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian

Sarrerak, salgai
18 euroko prezioa dute sarrera arruntek, eta 13 eurokoa Bertsozale Elkarteko bazkideenak, eta 12 euro 16 urtetik beherakoen kasuan. www.bertsosarrerak.eus atarian, larunbat goizera arte eskuratu daitezke. Anaitasunako leihatiletan, 15:30etatik 17:00etara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!