Alaiz Kolektiboari eman dio gobernuak 2019ko Berdinna saria

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 6a, 19:33

Ekitaldian, emakumeen lorpenak eta aldarrikapenak bistaratu eta finkatzeko premia nabarmendu da, lortutako eskubideetan atzera egitea xede duten diskurtsoen agerpenaren aurrean.

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako 2019ko Berdinna Saria eman dio gaur eguerdian Alaiz Kolektiboari, eta ekitaldian, mugimendu hauek emakumeen aldeko lorpenetan izan duten garrantzia aldarrikatzeaz gain, lortutako guztia bistaratu eta indartzeko premia erreibindikatu dute, “lortutakoan atzera egitea xede duten” diskurtso “onartezin eta kezkagarrien” agerpenaren aurrean.

Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egindako gaurko ekitaldian izan dira, halaber, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez, Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdi, Ogasun eta Finantza Politikako kontseilari Mikel Aranburu, Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justziako kontseilari María José Beaumont, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, eta Osasun Departamentuko kontseilari Fernando Domínguez. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari Mertxe Leranoz ere bertaratu da.

Elkartearen izenean, golardoa jaso dute Maite Pérez Larumbe lehendakariak, Ana Berrade Adot idazkariak eta Toñi Marín Valle batzordekideak. Ekitaldiko musikaz San Fermin Abesbatza arduratu da.

2018an Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez sortutako sari honen xedea da Nafarroako emakumezkoen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasuna lortzea erraztu, bultzatu edo sustatzearen aldeko ekintzak, lanak edo proiektuak egin dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak saritzea, arlo honetan egindako bizitza zein lan-ibilbidearen kariaz aintzatespen hau jasotzeko merezimendua hartu duten pertsonak barne harturik. 2018an egindako lehendabiziko edizioan, saria Blanca Fernández Viguera gizarte-ikertzaile eta mugimendu feministen aitzindariak eskuratu zuen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!