Nafarroako Gobernuak Nazioarteko Biltzarra antolatu du “Fontes Linguae Vasconum” aldizkariaren 50. urteurrena dela-eta, aldizkari zientifiko horren lana eta Nafarroako gizarteari nahiz mundu akademikoari egiten dion ekarpena ezagutzera emateko asmoarekin. Biltzarra Iruñean izango da martxoaren 6an eta 7an, ondorengo izenburuarekin: “FLV, 50 urte: metodo eta joera berriak (euskal) hizkuntzalaritzan”.
Euskalaritzaren alorreko ikasketen azken berriez gain, nazioarteko hizkuntzalaritzak euskararen gaineko ikasketei egindako ekarpen teoriko-metodologikoak ere bilduko dira bertara.
Asteazkenean, martxoaren 6an, Salamancako Unibertsitateko Filologia Klasikoko doktoreak eta UPV/EHUko Indoeuropar Hizkuntzalaritzako katedradunak, Joaquín Gorrochateguik, ondorengo hitzaldia eskainiko du: “Fontes Linguae Vasconum. Jatorriak eta dokumentuak Euskararen Historiarako”.
Arratsaldean, berriz, Sevillako Unibertsitateko irakasle titularra den Lola Ponsek, gazteleraren historian eta testuen edizioan adituak eta hizkuntzalaritzaren hedapeneko lan ugariren sortzaileak, ondorengo hitzaldia emango du: “Hizkuntzalaritza historikoak neolatina aurkitu zuenean”,
Azkenik, martxoaren 7an, Lyle Campbellek, Hawái Mānoa Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Departamentuko irakasle emerituak eta hizkuntzalariak “Hizkuntzalaritza historikoa: egungo egoera” hitzaldia emango du, egungo hizkuntzalaritza historikoan garapen berriak eta gai gorienak ikuskatzearren.
Biltzarrean, halaber, hamar tailer edo workshops egingo dira diziplina-eremu ezberdinak sakontze aldera: euskararen soziolinguistika, literatura, onomastika, didaktika, filologia, dialektologia, hizkuntzaren tipologia, gramatika formala, fonologia eta gramatika historikoa. Gaikako tailer bakoitza arlo horretan aditua den pertsonak zuzenduko du, hitzaldi bat ematearekin batera.
Aldizkari erreferentea
Nafarroako Foru Aldundia, Vianako Printzea Erakundearen bidez, Fontes Linguae Vasconum aldizkari zientifikoa hasi zen argitaratzen 1969an, euskal filologia eta hizkuntzalaritza arloko ikerketa zientifikoa ezagutzera ematearren.
Sortu zenetik, aldizkaria hizkuntzalaritzaren nazioarteko estandar akademikoetara doituz joan da esparru zientifikoan —filologian, literaturan eta hizkuntzalaritzan— erreferentziazko argitalpen bilakatu arte. Aldizkariak bide oparoa izan du, 125 zenbaki argitaratu baitira.