Nafarroako Gobernuak ETAren atentatu argitu gabeen inguruko txostena argitaratu du

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 25a, 18:06

Nafarroako Gobernua 2016ean egindako elkarretaratzean.

Horien egoera prozesala erakutsi du, egia jakiteko eskubidea gauzatzen eta banako eta taldeko memoria eraikitzen laguntzeko.

Nafarroako Gobernuak txostena aurkeztu du gaur goizean, eta, bertan, ETAk Nafarroan egindako atentatu mortalen edo Nafarroatik kanpo foru komunitatearekin loturiko pertsonei egindakoen egoera prozesala bildu du. Lana Ignacio Pérez Macíasek egin du, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko Irakasle Elkartuak.

Legegintzaldian Zuzendaritza Nagusiak egin edo agindu dituen txostenak nabarmendu ditu Ana Ollo kontseilariak: “Alde batetik, barne-txostenak egin ditugu zuzendaritza nagusirako, memoriaren eta biktimen politika publikoen eraginkortasuna bilatuaz. Bestetik, berriz, borondate memorialistako txostenak izan dira, Nafarroan izandako terrorismoaren errealitatea eta ondorioak ezagutzera emango dituztenak”.

Bestalde,  Alvaro Baraibar zuzendari nagusiak aipatu du Gobernuak unibertsitate-instantzia ezberdinekin mantentzen duela lankidetza. Ildo horretan, “terrorismoaren biktimen eta horien elkarteen aldarrikapen nagusietariko bat justizia da: haien pertsona maiteen atentatua zein egoeratan egin zen argitzea eta arduradunak identifikatzea”. Amaitzeko, adierazi du “lan hau biktimen egiaren eta memoriaren ekarpena izatea" nahi dutela.

Txostenaren egileak ekarpen oso positibotzat jo du Nafarroa bezalako hainbat komunitate autonomok abian jarritako ekimena, estatu-araudia garatzeko, biktimen laguntzarako osasun, enplegu edo gizarte arloko erantzuna ematerakoan.

Txostena

Nafarroan ETAren 49 atentatu mortal erregistratu dira: 35 Nafarroan egindakoak eta 14 beste komunitateetan, baina Nafarroan jaiotako biktimekin. 49 atentatutatik, 32k epaia dute, eta 17k epairik gabe jarraitzen dute. Epaia duten 32 horiei dagokienean, 26 kasutan hilketa erabat argituta dago, eta 6ren kasuan epaiak partzialak dira; alegia, ez atentatuaren egiletasun materialaren aurkakoa.

Argitu gabeko 17 atentaturi dagokienean, berriz, 13 kasutan ez dago epairik edo absoluzio-epaia izan da; kasu 1ean Amnistiaren Legea aplikatu zen 1977an; eta 3 kasutan kasua izapide judizialean aurkitzen da.

Gaur aurkeztutako txostenean, batez ere Audientzia Nazionalak emandako datu ofizialak eskaintzen dira.

Kontzertua eta kontzentrazioa

Martxoaren 11ean, terrorismoaren biktimak oroitzeko Europako Egunean, Nafarroako Gobernuak bi ekitaldi berezi antolatu ditu. Alde batetik, kontzentrazio instituzionala egingo du Nafarroako Jauregiaren aurrean, 2016az geroztik egiten den moduan.

Horrez gain, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako Zuzendaritza Nagusiak aurten, martxoaren 10ean (igandea), Kontzertua antolatu du terrorismoaren biktimen oroitzapen gisa. Kontzertua In Tempore Abesbatzak emango du, eta “The wound in the water” (Zauria uretan) obra interpretatuko du, Norvegiako Kim André Arnesen konpositorearena. Kontzertua Musikaren Hiriko Fernando Remacha Auditorioan izango da, 19:00etan. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena aurrez hartu behar da Musikaren Hirian bertan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!