Mahai jolas baten bidez helarazi nahi diete Lehen Hezkuntzako ikasleei ondare ez-materialaren balorea. Dinbilidanbala du izena jolasak eta taldeka aritu behar da. Gai ugariren inguruko ikerketa, hausnarketa edota interpretazioa egiteko planteamenduak izanen dituzte. Bideoen, galderen eta jolas estrategien bidez ikasiko dute.
Lau esparru ditu jolasak: Bat: sinesmenak eta espiritualtasuna; Bi: eskola eta lana; Hiru: auzoa, herria edo hiria eta Lau: etxebizitza eta familia. Esparru horietako bakoitzeko zenbait ikus-entzunezko izanen dituzte gidari. Testigantzak dira, jende edadetuari Labrit Multimediak grabatutakoak. Gai askoren inguruan solasten dira eta horiek izanen dira ikasleen abiapuntu. Lau emakumeren arteko lana da Dinbilidanbada, bi urtez buru belarri horretan emandakoa. Bitartean taldeko kideak dira, artea eta hezkuntza gaiak lantzen dituzte bertan.
Nafarroako ikastetxeetan banatzeko 200 mahai-jolas egin dituzte, gaztelaniaz eta euskaraz
Egunerokoan ikasleek bizi dituztenak ere jarriko dituzte mahai gainean. Euskarari buruz, eskolako ariketen inguruan, abestiez, ohiturez, inauteriez, emakumeen eta gizonen arteko harremanez … eta egungoa garai batekoarekin alderatuko dute. Dinbilidanbala mahai jolasak bizia hartu dezan ikastetxeetara iritsi behar da orain.