Iruritan eta Lizarran jokatuko dira bertsolari txapelketako azken bi final-laurdenak

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 15a, 08:30

Larunbatean, otsailak 16, Iruritan izango da saioa, eta igandean, otsailak 17, Lizarran.

Larunbatean, Iruritan, ondoko sei bertsolari hauek izango dira oholtza gainean: Xabi Maia, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Patxi Castillo, Xabat Illarregi eta Endika Legarra. Azken bi hauek lehen aldiz hartuko dute parte txapelketa batean, aurre-kanporaketetan sailkatu ostean. Zigor Gartzia “Zian” ariko da gai-jartzaile lanetan. 17:30ean abiatuko da saioa, Iruritako Gizarte Bilgunean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Baztango Udalaren laguntzarekin antolatu du saioa.

Igandean izango da laugarren eta azken final-laurdena, Lizarran. Taula gainean izango dira Eneko Lazkoz, Julen Zelaieta, Josu Sanjurjo, Amaia Elizagoien, Sarai Robles eta Diego Riaño bertsolariak. Ander Aranburu izango da gai-jartzailea. 17:30ean emango zaio hasiera, Lizarrako Gazteriaren Etxean. Lizarrako Udala da saioan laguntzaile.

Batean zein bestean, Arkaitz Goikoetxea, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza ariko dira epaile lanetan. Haiena izango da bertsolarien lana puntuatzeko ardura. Saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalaurrekoetan kantatzeko aukera; gainerakoek, final-laurden guztietan zer pasa itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. 24 bertsolari ariko dira final-laurdenetan, eta 18rentzako tokia izango da finalaurrekoetan.

Sarrerak salgai

Zazpi eurotan eskuratu daitezke saioetarako sarrera arruntak, lau eurotan sei eta hamasei urte bitartekoen kasuan, eta bost eurotan Bertsozale Elkarteko bazkideen kasuan. Sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, bai eta ondorengo puntu fisikoetan ere: Iruritako kasuan, Elizondoko Fantxike Dendan. Lizarrako kasuan, Olgarenea natur dendan. Bi puntu horietan eskuratu daitezke martxoaren 23ko finalerako sarrerak ere.  

Interneten, www.bertsozale.eus atarian aurkitu daiteke txapelketarekin lotutako informazio guztia, bai eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen Facebook eta Twitter (@unibertsoa) kontuetan ere.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!