Nafarroako nekazaritzako elikagaiak kontsumi daitezen kanpaina abiatu du gobernuak

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 12a, 17:58

Gertuko eta garaiko produktuak kontsumitzearen onurak nabarmentzen ditu Nafarroako Gorbernuko 'Nafarroakoa eta sasoikoa' kanpainak.

Nafarroakoa eta sasoikoa goiburuaren pean, Nafarroko Gobernuak kanpaina bat jarri du martxan Nafarroan ekoizten diren elikagaiak garaian kontsumitu daitezela sustatzeko; izan ere, garaian garaikoek hobeto gordetzen dituzte beren nutrizio-ekarpenak eta ezaugarri organoleptikoak, eta, gainera, Nafarroako nekazaritza-sektorea babesten dute, lurraldea eraikitzen, eta paisaia zaintzen.

Kanpaina, Javier Aldaz Berruezo, Nafarroako Lan eta Osasun publikoko, Osasun Segurtasun, Ingurumen Osasun zerbitzuko zuzendariak aurkeztu du. Aurkezpenean kanpainako protagonistetako biren laguntza ere izan du: Marta Pérez, Egozkueko Loperena gaztandegikoa; eta Jennifer Lalinde, Nafarroako Ospitale Guneko Elikadurako teknikaria. Haiek biek, Koteto Ezkurra erremontista ohiarekin batera, Nafarroako kultura gastronomikoan eta bertako nekazaritza-sektorean erreferentzia diren hiru produktu kontsumitzera gonbidatzen dute: orburua, txahal haragia eta gazta.

Produktu iraunkorrak eta kalitatekoak

Nafarroak zazpi jatorri-deitura babestu, sei adierazpen geografiko babestu eta elikagai ekologikoak ditu, baita beste bi kalitate-ziurtagiri ere; alegia, «Nafarroako artisauak» eta «Produkzio integratua» (ziurtagiri horiek 2007an sortutako Reyno Gourmet marka dute etiketan). Haietaz gain, nekazaritzako eta abeltzaintzako produktu ugari ere eskaintzen ditu; produktu horiek eskualdeko biodibertsitatearen erakusgarri bikaina dira, eta nekazaritza-esparrua tradizionalki lantzeko moduak kalitateko produktuen gozamen sentsorialarekin duen harremana integratzen jakin duen gastronomia baten oinarria.

Elikadurako joera berriei ere erreparatuz, iraunkortasuna funtsezko gakoa izango da; hau da, elikagaiek ingurumenarekin duten harremana, ekoizten direnetik kontsumitzen edo hondakin bihurtzen diren arte.

Aldazek aipatu du gertuko produktuak, Nafarroakoak, eta garaikoak kontsumitzea aurrera egiteko modu bat dela «kulturalki iraunkorra den gizarte baterantz, iraunkortasunaren kultura barneratuta duten herritarrak izateko». Halaber esan du, «Nafarroako produktuak aukeratuta, ingurunea babesten arituko garela, gure aztarna ekologikoa txikituko dugula eta, gainera, Komunitatea garatzen lagunduko, lehen sektorea indartuko baita, Nafarroako landagunea garatzeko ezinbestekoa dena».

Azken merkatu-azterketen arabera, kontsumitzaileek gero eta interes handiagoa dute bertako elikagaietan eta haiek ekoizteko moduan; hortaz, garrantzi handiagoa hartzen dute komertzializazio-kanal laburragoek. Hori dela eta, Aldazek azpimarratu du «banakoek egiten dutenaren baturak aldaketa handiak eragin ditzakeela, eta, horren haritik, bertako produktuak, Nafarroakoak, kontsumitzea ezinbestekoa dela» kulturalki iraunkorra den Nafarroa baterantz aurrera egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!