Nafarroako 112-SOS Nafarroa larrialdietarako telefonoak eguneko 2.774 dei artatu zituen batez beste 2018an, 2017an baino % 3,08 gehiago. Urtearen buruan, milioi bat dei baino gehiago jaso zituen; 1.012.584 dei, zehazkiago esanda, María José Beaumont kontseilaria buru duen Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentuko Babes Zibilaren Zerbitzuak gaur ospatzen ari den 112 Larrialdietarako Telefonoaren Europako Egunaren harira emandako datuen arabera.
112 telefono zenbakia Europar Batasun osoan estandarizatuta dago 1992az geroztik larrialdi mota guztiak artatzeko: osasun arlokoak, errepideetako istripuak, lan istripuak eta bestelakoak, basoko nahiz hiriko suteak, laguntza teknikoak, ingurumen larrialdiak, polizia, genero-indarkeria, etab.
Nafarroaren kasuan, lantaldea 60 operadore inguruk, 7 areto-buruk, 25 mediku koordinatzailek eta Suhiltzaileen Zerbitzuaren arduradun batek osatzen dute, eta 112 telefonoaren atzean, eguneko 24 orduetan lan egiten dute sor daitezkeen larrialdi guztiak artatzeko. Foruzaingoaren Aginte eta Kontrol Zentroa ere 112 Gelarekin konektatuta dago Larrialdiak Kudeatzeko Sistemaren bitartez.
193.759 baliabide mobilizatuta
SOS Nafarroaren Gelak 112-SOS Nafarroa telefonoan jasotako dei guztiak bideratu eta larrialdi bakoitza artatzeko behar diren baliabideak mobilizatzen ditu. Hartara, 2018an, 293.705 gorabehera kudeatu ditu, larrialdi zerbitzu desberdinetako 193.759 baliabide mobilizatu dituelarik.
Baliabideen mobilizazio horrek lehen mailako osasun-arreta taldeei eragin zien 113.348 aldiz, Oinarrizko Bizi Euskarriko Anbulantziei 36.571 aldiz, Bizi Euskarri Aurreratuko Anbulantziei (medikalizatuak) 7.593 aldiz, Foruzaingoko patrulei 24.508 aldiz, Suhiltzaileei 10.892 aldiz eta aire-baliabideei 627 aldiz.
Deien tipologiari dagokionez, artaturiko 1.012.584 deietatik 848.435 deia 112 larrialdi telefonora zuzenean egindako deiak izan ziren, Foruzaingoaren bitartez jasotakoak, eta beste 43.542 dei mendekotasuna duten pertsonek erabiltzen duten tele-laguntzarako dominaren bidez hartutakoak. Zerbitzutik egindako deiei dagokienez, 325.152 baliabide propioetara egindakoak izan ziren eta 108.081 Foruzaingoaren AKZra egindakoak.
Dei kopururik handiena urtarrilean jaso zen, 91.011, guztira; ondotik kokatu dira uztailean (89.853) eta ekainean (87.083) artaturiko dei kopuruak. Ordutegiei dagokienez, deirik gehienak arratsaldez jaso ziren.
Telefonia sistema berria
Artaturiko dei guztien artean, % 74,53 dei egokiak izan ziren, % 16,37 huts egindako deiak, % 7,68 informazioa eskatzeko deiak eta % 2,42 maliziaz egindakoak. Babes Zibilak aurten huts egindako deien kopurua murriztea espero du, duela bi hilabete ezarriako telefonia sistema berriaren laguntzaz, izan ere, huts egindako dei horiek, 2001ean ezarri eta zaharkituta zegoen aurreko zentralaren funtzinamendu okerrak eragindakoak izan ziren, hein batean.
Sistema berriak herritarrei zuzendutako arreta, deien segurtasuna eta erantzunaren efizientzia eta gaitasuna hobetzen ditu, ohiko larrialdietan zein balizko larrialdi handien kasuan, ezohiko linea telefonikoak eta arreta-postuak abian jartzea ahalbidetzen duen neurrian.
Sistema telefoniko honen ezarpenak SOS Nafarroa 112 Zentroaren eraberritzea osatu du, eta honi esker, 112 Gelaren banaketa eta antolaketa aldatu, edukiera handiagoko formakuntza gela prestatu eta lantalde nahiz lanpostuen erabateko eraberritzea egin da.