Urdazubin, Nafarroako iparraldeko ertzean, jokatu da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdena. 130 lagun inguru bildu dira bertan, herriko Kultur Etxean. Haien aurrean aritu dira Julio Soto, Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman. Ainhoa Larretxeak egin ditu gai-jartzaile lanak. Epaile, berriz, Arkaitz Goikoetxea, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza aritu dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Urdazubiko Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko. Atzo Tuteran eta gaur Urdazubin, Nafarroako puntatik puntara, Bertsolari Txapelketa –eta haren bitartez, euskara– herrialde osora barreiatzeko apustuan sakondu nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.
Saio puntuagarriaren ostean, Julio Sotok eskuratu du puntu gehien (265), eta hortaz, martxoaren 9an Etxarri Aranatzen jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Iker Gorosterrazu, Saioa Alkaiza, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman. Bost bertsolari hauek gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, oraingo 24tatik.
Honela geratu da saioko puntuazioa:
Julio Soto Ezkurdia |
265 |
Heldu den larunbatean izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Iruritako Gizarte Bilgunean, 17:30ean. Han ariko dira Xabi Maia, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Patxi Castillo, Xabat Illarregi eta Endika Legarra, Zigor Gartzia “Zian” gai-jartzailearen aginduetara.