Aurrematrikulazio kanpaina hasi da gaur

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 4a, 08:13

Maria Solana hezkuntza kontseilaria aurrematrikulazio kanpaina aurkezten.

“Berritzailea, Inklusiboa, Berdintasunezkoa eta Eleanitza”, halakoa da otsailaren 4an aurrematrikulazio aldia irekiko duen eskola publikoa.

Maria Solana Hezkuntza kontseilariak eta Roberto Perez zuzendari nagusiak 2019-20 ikasturteko aurrematrikulazio kanpaina aurkeztu dute, IKASNOVA gela berrian. Bertan eskola publikoaren lau ildoak izan dituzte ardatz, "eskola berritzailea, inklusiboa, berdintasunezkoa eta eleaniztuna".

Kanpainak Hezkuntza Departamentuak ohiko jardunean darabiltzan 4 helburuak nabarmendu ditu. “Lau puntu kardinal horietan oinarritua lan egiten dugu Hezkuntza Departamentuan, zeharkakotasunez lan egin ere, guztion eskola publikoaren izen ona, kalitatea eta hurbiltasuna hobetzeko”, ziurtatu du Solana kontseilariak. IKASNOVA gela deritzon etorkizuneko ikasgela interaktiboan, aurrematrikulazio kanpaina aurkeztu du Perez Elorza zuzendari nagusiarekin batera.

Otsailaren 4tik 8ra bitartean, 3 urteko 6.000 neska-mutil inguruk ikastetxea hautatu beharko dute. Zuzendari nagusiak adierazi duenez, kopuru hori aurreko urteetakoa baino zertxobait txikiagoa da, jaiotze-tasaren beheranzko joeraren ondorioz. Matrikula berriaren aurre-inskripzioa egin behar duten familiak 2016an jaiotako neska-mutilenak dira, hau da, 2019an 3 urte beteko dituztenen familiak, eta Roberto Pérez Elorzaren hitzetan, “urte horretan 5.908 jaiotza gertatu ziren, 2015ean baino % 1,6 gutxiago”. Hala ere, ikuskaritza zerbitzuak landutako 2019/2020 ikasturterako aurrematrikulazioari buruzko aurreikuspenen arabera, 3 urteko neska-mutilen 6.200 matrikula berri inguru izango dira, baina datu hau ez da izango ohiko epealdiari dagokion aurrematrikulazioarena, iraileko ezohiko epealdiaren bukaerakoa baino, egun horietan bildu ohi diren izen-emate berriak aintzat harturik, aurreko ikasturteetan gertatutakoaren harira.

6.000 familia inguru horiek informatzeko, Hezkuntzako kontseilariak departamentuaren 4 helburuak nabarmentzen jarraitu du. Eta horietako bakoitzean, Solana kontseilariak berariaz azpimarratu ditu oinarrian duten plangintza, proiektu edo planen garapena, irakasle nahiz zuzendaritza taldeen formakuntza eta horri guztiari dagokion beharrezko aurrekontu-kudeaketa.

Ondorioz, berrikuntzaren helburuari dagokionez, IKASNOVA gela eredugarria izan da legealdi honetan gauzatzen ari den eskola publikoaren eraldaketa digitaleko estrategian. Hezkuntza kontseilariaren esanetan, “aldaketa hau esparruei zein tresna eta metodologiei dagokie eta 10ez biderkatu du aurrekontua 2015az geroztik”. “Eskola inklusiboa”·delako helburuari dagokionez, Solanak Aniztasuna Artatzeko Planaren mamitzea gogoratu du, “izan ere, gure hezkuntza sisteman dagoen aniztasun osoari modu bidezkoagoan eta zuzenagoan arreta eman eta erantzuteko, ikaslea irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren erdigunean kokatu du”. Kasu honetan, hazkundeairakasle laguntzaileei, orientatzaileei, PT eta ALei zuzendutako horniduran gertatu da, baita zaintzaile, fisioterapeuta eta zeinu-intepreteen kopuruen igoeran, eta ikuspuntu soziokulturaletik egoera kaskarrean dauden ikasleak dituzten ikastetxeentzako diru-kopuruetan.

Hirugarrenik, María Solanak, nafar ikasleek berdintasunean bizitzeko beharrezko gaitasuna garatu behar dutela azpimarratu du berriz ere, “gure ikasleek gogoko bizitza-proiektua aukera-aniztasunetik bideratu ahal dezaten, generoaren araberako baldintzapenik gabe, desberdintasunak bereizten ikasiz”. Hirugarren helburu honi begira, Departamentuak SKOLAE hezkidetza programa abiarazi zuen, izan ere, kontseilariaren hitzetan, “beharrezkoa da ikasgelan sartu eta berdintasuna irakastea”.

Eleaniztasuna da aurrematrikulazio kanpaina honen laugarren ardatza, Foru Komunitatearen berezko idiosinkrasiaren harira: gero eta hizkuntza gehiago dituen gizarte eleanitza, hizkuntza bat baino gehiago jakiteari gero eta balio handiagoa ematen diona. Ondorioz, departamentuak, inguruko errealitate linguistikotik abiatuta ikastetxe bakoitzean landutakoko hizkuntza proiektua sustatzen du.

Horrelaxe azaldu ditu María Solana lau helburuak, dagozkien garapen eta aurrekontuekin. Lau irudi horiek dira eskola publikoaren izen ona, kalitatea eta hurbiltasuna nabarmentzen dituen kanpaina honen oinarriak.

Zuzendari nagusiaren esanetan, aurrematrikula egiteko prozesuaren araudian ez da ezein berritasunik sartu 2018koaren aldean. Horren harira, webgunean eskura daiteke epe, tresna, jarraibide zein eskabideei buruzko informazio guztia.

 

Inclusiva

 

Helbide horietatik sartzen ahal da, edota Hezkuntza Departamentuaren webgunetik. Horrez gain, telefono bidezko informazio prozesua berrabiatu da 012 zenbakian.

Ikastetxea hautatzeko prozesuaren gardentasunari dagokionez, Roberto Pérez Elorzak gogoratu du, “Nafarroako ikastetxe guztietako prozeduren gardentasuna hobetzeko xedez, EDUCA kudeaketa plataforman indarrean daudela jadanik distantziak kalkulatzeko geolokalizazioa, baremazioa eta zozketa prozesua bera”.

Ikasgela bakoitzeko onartutako ikasle kopurua da bere horretan mantendu den beste alderdi bat, izan ere, ikastetxe publikoetan zein hitzartuetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen gehienezko ratioa 25era murriztu da gela bakoitzeko, eta ratio hori handitzeko eskaera egiteko aukera desagertu da ikastetxe hitzartuentzat. Ildo horretan, zuzendari nagusiak adierazi du “ikastetxeek definitutako irizpide osagarri guztiak deuseztatu direla ikasleen onarpena arautzerakoan, ikasleak ingurune hurbileko ikastetxeetan sartu eta banatzeari lehentasuna emanez”.

Hurbiltasunarekin batera, aurkezpenean eleaniztasunaren irizpidea ere aipatu da ikastetxea hautatzerakoan. Perez Elorzak azaldu duenez, “Nafarroa osoko ikasleen eskubide linguistikoak bermatzeko, edozein pertsonak gogoko hizkuntza eredua hautatzeko aukera izanen du”.

Hala, kontseilariak eta zuzendari nagusiak aurrematrikula egitearakoan kontuan izan beharreko ezaugarri denen inguruko azalpenak eman dituzte. Bide horretan, Perez Elorza zuzendariak gardentasuna balioan jarri duen beste irizpide bat izan da, “Nafarroako gizarteari hezkuntza eskaintza guztiaren inguruko informazio modu objetibo eta orokorrean helaraziz, talde guztiek, beraien maila ekonomikoa edo kulturala albo batera utziz, ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea bermatu dadin”. Hala, Nafarroan lehendabiziko aldiz, gaur bertan informazio saioak eskainiko dira 0-3 urte arteko haur eskolen zuzendaritzei eta gizarte eskubideetako teknikariei, hala lehen eskutik jasoko dute informazioa ondoren, beraien eskoletan matrikulatuko diren familiei informazioa helarazteko.

Laburbilduz, berrikuntza, inklusioa, berdintasuna eta eleaniztasuna dira Departamentuaren lanari zein gaur aurkeztutako kanpainari eusten dieten 4 ardatzak. Arestian aipatu den bezala, otsailaren 4tik 8ra bitartean, “matrikula berria” egin behar duten 6.000 familia ingururentzako epea irekiko da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!