Eduardo Santos: “Orain Baikoek katramilatuta segitzeko asmoa dute eta gu ez gara horretan sartuko”

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 29a, 10:15

Eduardo Santos Euskalerria Irratian duela hilabete batzuk. Artxiboko irudia.

Podemos-Ahal Duguko Nafarroako idazkari nagusiak, Eduardo Santosek, gaurkotasunaz hitz egin du Euskalerria Irratian. Orain Baikoek deituta bilerara ez ziren joan "ez zutelako asmorik egoera bideratzeko, zurrumurruak handitzeko baizik". 

Asko ahultzen ari da Podemos-Ahal Duguren esparrua?

Inkesten arabera ez da hala gertatzen ari, badugu toki politiko bat, zabalagoa edo laburragoa izanen da baina jendeak erabakiko du egindako lanaren arabera. Politika espektakulu bilakatu da, hor Orain Baikoek parte hartu dute baina baita gizarteak eta komunikabideek ere. Mamitsua da gaia, jendeari zurrumuruak gustatzen zaizkio. Serio jarrita, pentsatzen badugu zer gehitzen duen Podemos-Ahal Duguk aldaketan, beste arlo batean sartzen gara. Politika bi horiek dira: zurrumurruak eta gizartea zein norabidetara bideratzea erabakitzea.

Orain Baikoek Podemos-Ahal Dugukoak bota nahi izan dituzte. Bilera batera deitu zizueten atzo. Zergatik ez zineten joan?

Gu talde parlamentariotik kanpo uzteko eskatutako aktan hutsune juridikoak daudela esan zuen letratuak. Zure jatorrizko alderditik botatzen bazaituzte talde parlamentariotik joan behar duzu. Alderdi batean ez daudenek ezin dute jabetu beste alderdi baten onurez. Formak ez ziren egokienak izan, edo bai. Horretan ez gara sartuko. Jendeari ez zaio interesatzen hori guztia. Ia papera ongi egina dagoen edo ez. Guk idatzi juridikoa egin dugu, esanez, ezin gaitzaketela bota Orain Baikoek ez dutelako onartzen ere araudia bera. Jendea ez dugu zorabiatu nahi. Mahaiak konpondu beharko luke auzia.

Bileran kontu ekonomikoak aztertu nahi zituen Orain Baik eta izenak ere argi utzi (Podemos-Ahal Dugu alde batetik eta Orain Bai bestetik). Akordioetara iristerik ez dagoela diote orain bilerara ez agertzearekin batera. Akordio batera iritsi ginen urtarrilean. Publikoa da. Bueltaka dabiltza. Erakutsi nahi izan dute Orain Baikoak direla negoziatu nahi dutenak eta malguak direnak baina agerian dago guk jarri dugula mahai gainean akordioa legealdia amaitu eta zaratarik egin gabe segitzeko. Dirua guk ezin diegu eman, kontrolpean izan behar da, diru publikoa da.

Parlamentuko zerbitzu juridikoek Ahal Duguren interesen alde egiten dutela dio Orain Baik, Ainhoa Aznarezek esku hartzen duelako.

Arrazoia ematen ez dietenean beti dago konspirazio bat. Politikan biktimismoa islatzen ari da eta indar hartzen. Oso errentagarria da gizartean enpatia lortzen delako. Ez dago halakorik. Zerbitzu juridikoek euren lana egiten dute eta parlamentuak konpondu behar duen auzi bat da. Laura Perez ados ez badago epaitegietara jotzeko aukera du helegite bat jarrita.

Zuek zer eginen duzue orain? Bileran biltzeko proposamenik eginen diezue?

Zertarako? Politikaz aritzeko eta hitz egiteko bada, bai. Baina haien jokoan sartzeko ez gara bilduko. Uste dute Mundua haien inguruan biraka ari dela. Politika beste alde batera doa, jendeari beste arlo asko interesatzen zaizkio.

Tokiko Mapa esaterako. Sostengua emanen diozue Aznarezen etorkizuna ziurtatzearen truke?

(barreak) Hori esan dezakete baina akordio programatikoan jasotako gaia da. Alde eginen dugu. Ez dugu ahotsik parlamentuan, kendu digutelako, eta agerraldien bidez ematen dugu gure jarreraren berri. Akatsak badaude tokiko maparen lege berrian, baina, horiek berri ere eman dugu. Gure lehentasunak markatuak daude. Ibilbide luzea egin du tokiko mapak, parte hartze handia izan du… adostasuna lortzea oso zaila da halakoetan eta merezi du baiezkoa ematea egindako lan guztiaren ondoren. Nahastu nahi badituzte bi aferak, zikindu eginen dute bakarrik kontua.

Nola iritsi zarete honaino? Autokritikarik egin duzue?

Behin eta berriro egiten diot nire buruari galdera. Ez dakit merezi duen. Beste aukerak ere bazeuden, baina, hartutakoarekin egin genuen aurrera. Heldutasuna erakutsi dugula uste dut. Alderdia finkatzen segitu dugu. Ez da demokratikoa primarioak galdu eta esatea ez duzula sinesten prozesuan eta formetan. Tranpa izan dela iradoki eta lasai izan da. Jendea nahastu zuen Laura Perezek. Interes propioak lehenetsi zituen. Jarrera desleialak erakutsi zituen. Guk nahikoa da esan genuen.

Nafarroako Podemos-Ahal Duguren idazkari nagusi izanda zergatik Madril?

Madrilen ere aldaketa izan zen talde parlamentarioan eta ni justizia bozeramaile izendatu ninduten. Ardura handia da. Eztabaidatu genuen baina lan-logika izan zen han geratzea eta lana amaitzea.

Noiz amaituko da zure bide politikoa eta gero zer eginen duzu gero?

Erabaki dut kargu publikoan ez segitzea. Idazkari moduan bi urte geratzen zaizkit eta lan horretan ere segituko dut. Nafarroan alderdia osatzen segitzeko asmoa dut, indartzea. Badugu tokia eta hori ziurtatu behar dugu. Politikan egon daiteke kargu publikoan ez egonda ere. Negoziazioak, mugimendu sozialekin bilerak, programak lotzea, erakundeekin aritzea… hori egin behar da eta hori eginen dut. Maiatzean jomuga dago, ikusiko dugu ze indar dugun eta aldaketak zein toki hartzen duen. Momentuz hori da nire helburua. Madrilen ez naiz heldu den legealdian egonen.

Bi urte barru utziko duzu politikaren lehen lerroa?

Ez dago dena nire esku: zer gertatzen den, zer erabakitzen den… nire erabakia da ez luzatzea gehiago. Politika bizitzaren tarte bat da, zerbitzu publikoa. Oso intentsoa da lan hau eta horrek nekatu egiten du. Batzuetan sentitzen duzu galtzen ari naizela hasierako freskotasuna. Hori buruan izan dut betik Ikusiko dugu baina printzipioz datozen bi urteotan idazkari nagusi izaten segituko dut.

Aholkulari ikusiko zaitugu?

Nik ez dut hala ikusten nire burua. Auskalo zer gertatzen den Madrilen. Auskalo zer toki dugun han. Zer gertatuko den Nafarroan. Pedro Sanchezen helburua legealdia luzatzea dela uste dut. Baina aurrekontuak oraindik ez dira onartu eta ez dakigu zer gertatuko den.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!