Bertaratutakoek ekimen xume eta hunkigarriaz gozatu zuten, besteak beste, William Shakespearen “Galdutako amodioen penak” obrako pasarte baten errezitaldia, ikastolako ikasle ohiez osatutako talde batek interpretaturiko pieza musikal bat eta dantzari talde bat 8 ahapaldiko makil dantza bat eskaini baitziren. Emanaldi horietan guztietan ingurumenaz, adiskidetasunaz eta laguntasunaz, irakasleez, kooperatibaz eta Nafarroa Oinez 2019ren Izan Argi! leloa osatzen duten lau atalez hitz egin zen.
Argia Ikastolako zuzendariak, Argiñe Kortak, eta kooperatibako lehendakariak, Maru Erizek, Nafarroa Oinez honek ikastetxearentzat duen garrantzia zeintzuek Argia ikastolako ezaugarri pedagogikoak azaldu zituzten.
Festa honen antolaketaren helburua, Argia Ikastolak egiten duen lanaren jarraipena bermatzea da; hau da, euskararen inguruan egituratzen den eta eredu kooperatibistan oinarritzen den hezkuntza eredu eleanitza eskaintzea. Eredu horren zutabe nagusiak auzolana, solidaritatea, konpromisoa, berrikuntza, autokudeaketa eta lankidetza dira, eta jatorrizko bokazioari eusten dio, zerbitzu publikoa eskaintzeari, alegia.
Ekitaldian bideo bat ere proiektatu zen, eta, bertan, norbanakoen testigantzen bitartez, ikastola eta ikastola eredua aukeratzerakoan zergatik izan behar dugun argi –IZAN ARGI!– azaldu zuten: hezkuntza eredu propioa, hizkuntza aniztasuna, eskualdekoa, kooperatiba europarra, gertutasuna, konpromisoa, parte-hartzea.
Bukatzeko, eskertzen eta urtean zehar antolatuko diren ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena luzatu ondoren, 1995ean Tuteran ospatu zen lehen Nafarroa Oinezeko jota interpretatu zen.