Nafarroako Bertsolari Txapelketa otsailaren 9an hasiko da, Tuteran

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 28a, 08:03

Tuteran, Urdazubin, Iruritan eta Lizarran izango dira final-laurdenetako saioak; finalaurrekoak, Atarrabian, Etxarri Aranatzen eta Lesakan; eta azkenik, finala, Iruñean.

Otsailaren 9an hasiko da txapelketa, eta martxoaren 23an amaituko da. 24 bertsolarik hartuko dute parte, eta horien artean daude 2017ko txapelketako finalista guztiak, bat izan ezik: Ander Fuentes, Itturri. Bertsolariekin batera, zazpi epaile, hamabost gai jartzaile eta dozenaka laguntzaile ariko dira txapelketako saioak prestatzen.

Hasiera batean, 30 lagunek eman zuten izena aurtengo txapelketarako, eta urtarrilaren 18an eta 19an bi aurrekanporaketa egin ziren, zein 24 bertsolarik egingo zuten aurrera ikusteko. Saio horietan, txapelketa batean sekula parte hartu gabeko sei bertsolari eta duela bi urteko txapelketako azken sei sailkatuak aritu ziren, hamabi bertsolari guztira. Horietatik, Joana Zigandak, Xabat Illarregik, Endika Legarrak, Saats Karasatorrek, Diego Riañok eta Sahats Alemanek lortu zuten txartela.

Saio guztietarako sarrerak aurrez Internetez erosteko aukera izango da, www.bertsosarrerak.eus atariaren bitartez. Saioen aurretik ere irekiko dituzte leihatilak, 16:00etatik aurrera (15:30etik aurrera finalean). Era berean, saioak egingo diren herrietan ere salmentarako guneak egongo dira.

2011ra arte, urtero jokatzen zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Ordutik, bi urtean behin egiten da, eta banakako txapelketarik ez dagoen urteetan Bardoakizeneko taldekako lehia izaten da. Bertso eskolen sarea indartzea da egitasmo horren asmoa, eta auzolana eta talde lana ditu ardatz. Joan den urtean, adibidez, 113 parte hartzaile aritu ziren hamasei taldetan banatuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!