Salestarren salerosketa operazioan "arrisku gehiegi" hartu zuen Administrazioak

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 25a, 13:16

Hirigintza-operazio bat bultzatu zen ikastetxe baten leku-aldaketa finantzatzeko; legeak aurreikusia zuen etxebizitza babestuen gutxienekoa salbuetsita gelditu zen, legea aldatuz; eta administrazioak arrisku ekonomiko handia hartu du, horiek dira Kontuen Ganberak ateratako ondorioak. 

Nafarroako Kontuen Ganberak Iruñeko Salestarren Ikastetxeren inguruko hirigintza operazioa aztertu du. Gaur bertan argitaratutako txostena Parlamentuak eskatu zuen, Ezkerra taldearen eskaerari erantzunez. Txostenak operazioaren jatorria azaltzen du: Salestarrek Iruñeko Lanbide Heziketako ikastetxea lekuz aldatu nahi zuten, instalazioak-eta oraingo beharretara moldatzeko. Horretarako, Egues Ibarreko Olatz herriko lur sail bat aukeratu zuten. Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Eguesibarko Udalak operazioan parte hartzea erabaki zuten, interes orokorreko kontua zelakoan.

Iruñeko Ikastetxeak hartzen zuen lur-zoruan etxebizitzak eraikitzea zen helburua, hortik ateratako diruarekin ikastetxe berria finantzatzeko. Beraz, Aralar karrikako orubea urbanizagarri bihurtzea izan zen lehen pausoa. Behin etxebizitzak egiteko aukera bermatuta, Nafarroako Parlamentuak operazioa bultzatzeko funtsezko erabakia hartu zuen. 2010eko Aurrekontu Orokorrei buruzko legea baliatu zuen Lurralde Antolamendua eta Hirigintza arautzen dituen Foru Legearen 52. artikulua aldatzeko. Aldaketak Salestarren operazioa salbuetsi egin zuen lursail urbanizagarrietan etxebizitza babestuei utzi behar zaien gutxieneko kopurutik. Beraz, orubean eraikitako etxebizitza guztiak prezio librean ateratzeko aukera zabaldu zen. Handik gutxira, 2011ko urtarrilean, Nafarroako Gobernuak, Iruñeko eta Eguesibarko Udalek eta Salestarrek kolaborazio-hitzarmena sinatu zuten, ikastetxearen leku aldaketarako. Horren bitartez, Vinsa (Nasuvinsa orain) sozietate publikoak Salestarrei orubea erosteko konpromisoa hartu zuen, ondoren lur-sailak  enkante publikoan saldu operazioa finantzatzeko.

 

Salestarrek Nafarroako Gobernuak Olatzen zuen lur-saila erosi eta ikastetxea eraikitzeko konpromisoa hartu zuten. Bertan, gutxienez, 50 urtez irakaskuntza-jardueran aritzeko konpromisoa ere hartu zuten. 2015eko maiatzean, Vinsa sozietate publikoak eta Salestarrek salerosketaren konpromisoa sinatu zuten. Ekainaren 18an, Nafarroako Gobernuak Salestarren hirigintza plan berezia onetsi zuen. Handik bi urtera, Iruñeko Udalak partzelazio  proiektua onartu eta horretarako lizentzia eman zuen. 2017an Salestarrek eta Vinsa salerosketaren kontratua sinatu zuten. Horren bitartez, salestarrek, gutxienez, 26,4 milioi jasoko zituztela ziurtatu zuten. Gehieneko zenbatekoa 37,2 milioitan finkatu zen. Beti ere, behin betiko zenbatekoa lur-sailen erosketak emanen zuen emaitzari loturik geratu zen. 2017ko irailean egin zen lur-sailen enkantea. Zazpi zati egin ziren, eta horietako hiru erosi gabe gelditu ziren. Besteen salerosketak 25,5 milioi eman zuen.

2018ko uztailean, Nafarroako Gobernuak Salestarren plan bereziaren xehetasun azterketa onetsi zuen, aurreikusitako eraikinen altuera jaitsiz. Azkenik, 2018ko irailean beste enkante publiko bat egin zen, hutsik geldituak ziren  lau lur-sailak saltzeko. Bi saldu ziren, 17 milioitan, eta besteak hutsik geratu ziren.

Ondorio garbiak

Kontuen Ganberak dioenez, itunpeko ikastetxeei laguntzea, printzipioz, interes orokorrekoa kontua da. Dena den, bi baldintza bete behar dira: aukera berdintasuna bermatzea eta horrekin interes orokorreko beste kontu batzuk ez kaltetzea: hirigintza jardueran bete beharreko etxebizitza babestuaren gutxienekoa, kasu honetan.

Txostenak Lur Antolamendu eta Hirigintzari buruzko legearen aldaketan azpimarra jartzen du. Esan bezala, aldaketa horrekin etxebizitza babestuen gutxienekotik salbuetsi zen Salestarren operazioa. Kontuen Ganberaren ustez, bi aldetatik kritika daiteke erabakia: batetik, ez baita egokia holako lege bat aldatzea hirigintza operazio zehatz bat posible egiteko: eta, bestetik, aldaketa Aurrekontuen Foru Legean egitea ere ez baita egokia.

Txostena administrazioen eta kongregazioaren arteko hitzarmenaz ere mintzo da. Kontuen Ganberak dioenez, Vinsak hartu zuen operazioaren arriskua, diru-sailen salerosketak emanen zuen zenbatekoa jakin gabe fraideei zenbateko bat ordaintzeko konpromisoa hartu zuelako.

Operazioaren behin-behineko emaitzari dagokionez, kongregazioak lortu egin du gutxieneko zenbatekoa: 26,4 milioi. Fraideak hasi dira ikastetxe berria eraikitzen eta badute hori ordaintzeko nahiko diru.

Nasuvinsarendako behin-behineko etekina 4,2 milioi da. Dirua etxebizitzak bultzatzeko erabili beharko du.

Iruñeko Udalak, bere aldetik, lur-sail batzuk eta eraikin publiko bat eraikitzeko hiru milioi jaso ditu.

Hona konklusioen laburpena: hirigintza-operazio bat bultzatu zen ikastetxe baten leku-aldaketa finantzatzeko; legeak aurreikusia zuen etxebizitza babestuen gutxienekoa salbuetsita gelditu zen, legea aldatuz; eta administrazioak arrisku ekonomiko handia hartu du.

Konklusio horren ondorio dira txostenaren hiru gomendioak. Hasteko, hirigintza lurralde antolamendurako erabil dadila, ez operazio zehatz bat ahalbidetzeko. Bestetik, Kontuen Ganberak uste du Administrazioek ez dutela arrisku ekonomikorik hartu behar horrelako operazioetan. Eta, azkenik, Aurrekontuen Foru Legean horrekin zer ikusirik ez duen lege-aldaketarik ez egiteko gomendioa ere aipatzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!