Nafarroa "kosmopolita" ikusgai izanen da turismoaren azoka handian

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 25a, 08:17
Fitur azokaren irudia. Arg:alacartaparados

'Paisaiak dastatzeko' proposamena eramanen du erkidegoak Madrilen izaten ari den Fitur turismo azoka handira. Kalitatea eskaintzan eta kosmopolita ere bai. Horixe erakargarritasun nahiak.

Nafarroa FITUR 2019 azokara iritsiko da asteazken honetan, urtarrilak 23, lurraldean oinarritutako produktu anitzeko eskaintza baten eskutik. Aurkezpen sorta zabala asteazkenean hasiko da, hilak 23, 13:30etan, Nafarroa ezaugarri duen aniztasun gastronomikoari buruzko ekitaldi esklusibo batez. “Catar Paisajes” (Paisaiak dastatzea) izenburupean, Nafarroako sukaldeburu ospetsuenetako batzuek plateraren gainean islatuko dute kontrastez beteriko lurralde honen aniztasuna.

Mendialdearen ordezkari gisa, Haizea eta Lorea Luzuriaga Badiolak (Donamariko Bentako sukaldariak) Nafarroako Pirinioetako baso eta zelaietan inspiratutako bi pintxo landuko dituzte. Erdialdeak (Iruñea, Zangoza eta Lizarra) Iruñeko Baserriberri jatetxeko sukaldeburu Iñaki Andradasen sorkuntza-lanak ekarriko ditu. Bestetik, Nafarroaren Hegoaldeak (Erribera) Tuterako Beethoven jatetxeko Virgilio Martinezen pintxoak izango ditu ikur. Sukaldeburu honek Tutera aldeko baratzea irudikatuko du sormenaren bitartez.

Horrela, Nafarroako Gobernuak eremu guztietako produktu bana helaraziko dio sektore turistiko profesionalari, baina beti lurrari, jendeari, historiari, klimari, iraunkortasunari eta ondareari lotuta.

Nafarroako gastronomia, FITUR 2019aren irekieran

Mendialdeak, Erdialdeak eta Erriberak protagonismo handia izango dute FITURen aurtengo edizioan, Nafarroako Gobernuak Turismoko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez prestatu dituen aurkezpenei esker. Horrela, “Catar Paisajes” aurkezpen gastronomikoaren ondoren, arratsaldez, Turismo Gastronomikoaren Nazioarteko II. Kongresuaren (FoodTrex Navarra) aurkezpen ofiziala egingo da. Kongresua otsailaren 21 eta 22an antolatuko da, Nafarroako turismo sektoreak nahitaezko hitzordu duen 14. Navartur Azokaren barnean.

Gastronomia Nafarroaren FITUReko standean asteazkenean egingo diren aurkezpenen protagonista nagusia izanen da. 17:00etan, Carlos Rodríguez tabernari nafarrak Estatuko Bartender eta Zerbitzari Profesionalen 66. Kongresuaren aurkezpen ofizialean parte hartuko du. Ekitaldi hau izanen da, Iruñean azaroaren 24tik 29ra bitartean, Nafarroako Barmanen Elkarteak antolatuta eta Barmanen Federazioaren laguntzaz egingo den kongresu horren atarikoa. Topaketa horretan egingo diren txapelketa desberdinen artean, Nafarroako Jatorri Izendapeneko Ardoarekin egindako I. Koktel Txapelketa antolatuko da. Kongresuko partaideek Erriberri, Arbizu eta Etxarri Aranatz bisitatzeko aukera izango dute.

Munduan dauden turismo arloko nazioarteko azokarik garrantzitsuenetakoa den aldetik, FITUR Nafarroarentzako erakusleihoa izanen da berriz ere. Iaz, azokak 251.000 parte-hartzaile bildu zituen, eta horietatik 10.190 turismo arloko enpresetakoak ziren (140.120 profesional ere izan ziren). Asteburuan, jende guztiarentzat irekita dagoen egunetan, FITUR 2018 azokak 110.860 pertsona erakarri zituen. Urtez urte haziz doan erakusleiho honen iazko edizioan 165 herrialde eta 4.600 komunikabide baino gehiago bertaratu ziren.

Foru Komunitatearen standa

FITUR azokaren aurtengo ediziorako, Nafarroak turismo arduratsua iradokitzen duen 500,5 metro koadroko esparrua prestatu du esperientzia berrien aurkikuntzan, gozamenean nahiz erlaxazioaren bitartez bikaintasuna eskatzen duen publikoarentzat.

Horren harira, esparrurako sarbideko zoruan, led pantaila handia instalatu da, Nafarroako kultura eta natura baliabide nagusien ikusizko eta entzunezko esperientziak proiektatzeko.

Erakusketa eremuaren sarreran, informazioa emateko erakusmahaiak finkatu dira, eta atzerago, aurkezpen-gunea, Nafarroako turismoaren irudi korporatiboaz apainduta. Ondoan, zerbitzu-gunea eta jatetxea daude, eta honen atzean, profesionalen arteko bilerak egiteko eremua. Bertan, FITUReko Nafarroaren Eguneko ekitaldi instituzionala egingo da ostiralean, hilak 25.

Esparrua eta alderdi desberdinen arteko tarteak egitura linealen laguntzaz osatu dira modernotasuna iradokitzeko, eta haritzaren kolorea erabili da Nafarroako basoen oroimenez, berde kolorean landutako zenbait elementurekin batera. Standak Foru Komunitateko turismoaren ikur nagusiak biltzen dituen euskarri grafiko zabala ere izanen du.

Nafarroak FITUR 2019 azokan duen standa (9C13) IFEMA Azoka Eremuaren 9. pabilioian kokatuta dago berriz ere. Standa landu eta muntatzeko lanak Madrilgo “Proyect Arte Producciones S.L.” espresari esleitu zaio eta Estatuko beste azoka hauetara ere egokituko da: Iruñeko NAVARTUR (otsailean), Bartzelonako B-TRAVEL (apirilean), Bilboko EXPOVACACIONES (maiatzean) eta Valladolideko INTUR (azaroan).

Nafarroaren Eguna eta aurkezpenak

Turismo sektoreko adar guztiak biltzen dituen ekitaldi eskaintza anitza antolatu da. Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak jarduera-programa zabala prestatu du Nafarroaren stand instituzionalean. Ekitaldi nagusia, Nafarroaren Eguna, ostiral honetan ospatuko da, urtarrilak 25. Foru Komunitateko Lehendakari Uxue Barkos izanen da ekitaldi instituzionalaren buru, eta horren ondoren, Nafarroako produktuen dastaketa eginen da “Catar Paisajes” aurkezpenari jarraiki.

Hiru egunetan, Nafarroako turismo arloko eragileek lurralde osoari dagozkion hamabost jarduera-proposamen baino gehiago aurkeztuko dituzte.

Era berean, Foru Komunitateak berezko protagonismoa izango du FITUR Salud ekimenean (8. Pabilioiko 8B35 standean), foru lurraldea erreferentziazko helmuga bihurtu duen osasun sektore gero eta garrantzitsuagoaren inguruan. Segmentu honek turismo medikoa eta ongizatezkoa barne hartzen ditu, eta FITURen edizio honetan, medikuntza zein osasun arloetako preskriptoreei eta bidaia-agentziei zuzendutako B2B workshopa izango du.

Nafarroak, halaber, FITUR Cine deritzon ekimenean parte hartuko du 2. Pabilioiko C10 standean, industria zinematografikoa eta turistikoa lotuko dituen eskaintza baten bitartez. Kasu honetan, hiru atal eskainiko zaizkio industria zinematografikoari: turismo zinematografikoari buruzko erakusketa-eremua, merkataritza topaketak sustatzeko B2B esparrua eta Spain Film Commission-ek antolatutako hitzaldiak emateko agertokia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!