Miguel Sanz: "CAN ez da desagertu, eraldatu egin da garai berrietara egokitzeko"

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 23a, 12:18

Miguel Sanz Unai Hualde CAN ikertzen duen batzordeko presidentearekin hizketan.

Nafarroako Kutxa desagertu dela "sinistarazi" nahi digute batzuek baina "interes alderdikoiak" daude baieztapen horien atzea. Miguel Sanz gaur izan da parlamentuan azalpenak ematen CAN ikertzen duen batzordean. 

"Egun on danori", batekin, lasai eta sosegatuta ikusi dugu Nafarroako presidente izandakoa. Miguel Sanz ere, Yolanda Barcinarekin gertatu bezala, UPNko parlamentariez babestuta sartu da Nafarroako Kutxa ikertzen duen batzordera. Nafarroako Kutxaren transformazioaz hitz egin du eta ez desagertzeaz. Eta eraldatze horretan ezkutuko deus ere ez dagoela nabarmendu du. Eta gaineratu du CAN berkapitalizazio prozesuan ez zen gaizki atera.

Interes politikoa egon da UPNren agintaritza instituzionalari eta alderdi konstituzionalisten arteko elkarlan arrakastatsuari amaiera emateko. Sanzek azaldu du 2010eko ekainaren 21ean utzi ziola CANeko presidente izateari, eta gerora ez zuela ardurarik. "Ez dago ezer, ez dago kudeaketa arduragabetzat edo administrazio desleialtzat jo daitekeen ezer". Sanzek ia-ia txaloak eskatu ditu kutxaren eraldatze prozesuan "euro publiko bat sartu ez delako", akziodunek eta preferentistek dirua irabazi dutelako eta Caixabanken amaitzeagatik. Nafarroako Kutxan aritutako denboraz esan du, kudeaketan aritu zela baina ardurarik ez duela izan. Gainera goraipatu du Nafarroako Kutxa despolitizatzea izan dela bere nahia eta hala erdietsi zuela.

Luze joko du gaurko Nafarroako Kutxa ikertzen duen batzordeak, arratsaldean ere izanen da Sanzen hitzak entzuten segitzeko aukera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!