Txosten juridikoak jasotzen duenez, Ahal Dugu-ko hiru parlamentariak kanporatzeko idatziak ez ditu betetzen beharrezko baldintza formalak. Hala, Mahaiak hamar eguneko epea eman dio Orain Bairi kanporatze eskariaren gabeziak zuzentzeko. Txostenak adierazi du beharrezkoa dela eskaria beste dokumentu formal batzuekin batera aurkeztea. Horien artean, parlamentarien kanporatzea eztabaidatuko dela jasotzen duen bilera deialdia eta erabakia gehiengo osoz hartu dela baieztatuko duen bileraren akta. Horiek jasotzeko Mahaiak hamar eguneko epea ematea erabaki du.
Carlos Cousok aurkeztutako kanporatze eskariak kolokan jarri du laukoak parlamentuko mahaian duen gehiengoa; Aznarezek ezin izanen bailuke mahaiko presidente izaten jarraitu, kanporatzea gauzatuko balitz. Hori baina, hamar egunen buruan ezagutzen hasiko gara.
Gauzak horrela, Orain Baik ez dauka argi zer eginen duen: bere ustez aurkeztutako dokumentua nahikoa da, akatsik gabekoa eta hortaz aztertu beharko dute egokitzen duten edo ez. Argi dutena da, kaleratze eskaerekin segitzen dutela. EH Bilduk jarri du hamar eguneko epea zabaltzeko aukera mahai gainean. Txosten juridiko beharrezkoa zela agerian geratu dela uste du Adolfo Araizek.
UPNk egin du bat EH Bilduren proposamen horrekin. Dena dela, kritikatu du Uxue Barkos eta Ainhoa Aznarez eskutik doazela, izan ere, Geroa Baik eta Podemosek eskatu dute ez dadila onartu Orain Baik aurkeztutako eskaera. Eta hala, UPNrentzat legealdiaren hasieran esan bezala, EH Bilduren eta Geroa Bairen pean dago alderdi morea.